Urriaren 7tik 22rako epean, A-15 eta N1 errepideen loturaren gaineko bi alternatiben inguruko erakusketa konparatiboa antolatuko du, eta horrez gain, lau mahai-inguru egingo dira adituekin, aipatu proiektuek ingurumenean, osasunean, ekonomian eta hirigintzan zer nola eragingo duten aztertzeko.
Gaur eguerdian udaletxean egin duten agerraldian, Andoni Alvarez alkateak azpimarratu du herritarri iritzia eskatu aurretik komeni dela informazioa zabaltzea, “horretarako ekarriko ditugu adituak, proiektuek ingurumen, osasun, ekonomia eta hirigintza gaietan dituzten alde positibo eta negatiboez hitz egin dezaten”.
Lau hitzaldi, adituekin
Urriaren 7an, 9an, 14an eta 22an egingo dira hitzaldiak. proposamenen alde ezberdinak aztertuko dituzte zenbait adituk.
- Urriaren 7an: ingurumena eta lurralde inpaktuaren azterketa. Hizlaria: Pello Lozano, EHUko irakaslea eta geografoa
- Urriaren 9an: errepidearen kutsaduraren eragina osasunean. Hizlaria: Aitana Lertxundi, EHUko medikuntza eta erizaintza fakultateko irakasle eta ikerlaria.
- Urriaren 14an: alternatiba ezberdinen itzulera ekonomikoaren azterketa. Hizlaria: Jose Maria Abad, abokatu urbanista.
- Urriaren 22an: hirigintza ikuspegia. Hizlaria: Ander Gortazar, arkitektoa, hirigintza, lurralde antolamenduan, mugikortasunean eta Geografia Informazio Sistemetan aditua.
Bestalde, erakusketa Basteron bertan egongo da ikusgai, urriaren 7tik 22ra. Argazki eta informazio zehatz bitartez, bi aukeren ibilbide orokorrak eta tokian-tokiko aldaketak zeintzuk izango diren erakutsiko ditu erakusketak.
Herritarrekin iritzi-bilketa
“Herria, herriak egiten du” filosofia aintzat hartuta, Udal gobernuaren asmoa “herritarrei ahotsa ematea, iritziak jasotzea eta Udal politikak guztion artean marraztea” dela adierazi du Alvarezek agerraldian.
Parte-hartze prozesua uda aurretik jarri zela martxan gogorarazi du, “Udal gobernuak herritarrek udalerriko egitasmo nagusietan duten rola eta eragina indartzeko helburuarekin”. Era horretan, “lehen urratsetan gaiari buruzko diagnostikoa landu da, herriko eragile nagusiak entzuteko saioak egin dira eta informazioa plataforma digitalean jarri da herritarren eskura. Orain, urrira bitarteko erakusketa eta hitzaldi irekiak azken aurreko urratsa izango dira, herritar guztiei zuzenean urriaren 7tik 22ra izango den iritzi bilketa batean parte hartzeko aukera eskainiz”.
Iritzi bilketa bi eratara izango dela aurreratu du Alvarezek: online formatuan urriaren 7tik 13ra bitartean, eta aurrez-aurre 15etik 22ra. Bilketa prozesu horretan jasotako ekarpenak amaierako fasean txertatuko dituztela eta Udal gobernuak beregain hartuko dituela emaitzak, “herritarren iritzia oinarri duen erabaki bateratua aurkezteko”, adierazi du Alvarezek.
Dena den, urriaren 6an, astelehenarekin, iritzi bilketaren gaineko xehetasun gehiago azalduko dituztela esanez amaitu du hitzartzea Alvarezek, agerraldian.