“Mugimendu Feministaren eskaera historiko bati” erantzunez, III. Berdintasun Planak jasotako Emakumeen* Etxearen proiektua gauzatu nahi du Udalak, Haizea Barandiaran Berdintasun zinegotziak, Sara Arruabarrena Berdintasun teknikariak eta Ianire Huizi Berdintasun dinamizatzaileak iragarri dutenez, Plaza Morean egin duten agerraldian.
Marta Lasa (EH Bildu), Belen Moreno (PSE-EE) eta Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) zinegotziak ere agerraldian izan dira.
Barandiaranek adierazi du azken hamarkadan, Emakumeen Etxeen kopurua nabarmen hazi dela Gipuzkoa-mailan, “gero eta udalerri gehiagok dituzte. Andoainen, 2025eko udazkenean hasiko da Emakumeen* Etxea irudikatzeko eta diseinatzeko parte-hartze prozesua”.
Emakumeen Etxearen egitasmoa parte-hartze prozesu baten emaitza izango dela ziurtatu du Barandiaranek. “Emakumeen etxeak ekipamendu publikoak dira, baina berezitasun bat dute: parte-hartze prozesu bidez sortzen dira. Andoaingo prozesua herriko mugimendu feministaren, emakumeen elkarteen, norbanakoen eta udal administrazioaren elkarlanean oinarrituko da”.
Urte erdiko prozesua
Parte-hartze prozesua bost gogoeta-saiok osatuko dutela eta horiek sei hilabetetan egingo direla, zehaztu dute. Etorkizuneko Emakumeen* Etxeak izan behar dituen ezaugarriak eta erantzun behar dituen beharrak zehaztuko dira saio horietan. Gaineratuz dutenez, “Andoaingo errealitate anitza kontuan hartuta ahots askotarikoak jasotzea” jarri dute erronka nagusitzat. “Etorkizuneko Etxea diseinatzeaz gain, emakumeen, mugimendu feministaren, elkarteen eta Udalaren arteko sareak indartzea” da prozesuaren helburua Barandiaranen ustetan.
Lan-saioen dinamika
Emakume eta gizonen berdintasunean aurrerapausoak emateko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen duen Elhuyarren bide-laguntza izanik, hiru orduko bost lan-saio egingo dira; lehena urriaren 23an izango da, 17:00-20:00etara, Bastero Kulturguneko areto txikian. “Saio hauetan parte hartzeko izen-ematea baldintza garrantzitsua izango da, hizkuntzaren kudeaketa egokia eta saioaren antolaketa onak bermatzeko”.
Izen-ematea, bihartik, urriak 2tik urriaren 17ra bitartean egongo da zabalik. Gogorazi dutenez, teknologia edo hizkuntza arazoak dituzten emakumeek Berdintasun Sailaren telefonora deitu dezakete (943300830), edo, Urigain Etxeko bulegora gerturatu daitezke (astelehen eta asteazkenetan 12:00etatik 18:00etara, eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 16:00etara). Online inprimaki baten bidez ere egin daiteke izen-ematea, kartelaren bidez zabalduko den QR bate eskutik.
Azkenik, Barandiaranek, Berdintasun Sailetik, Andoaingo emakume, elkarte eta mugimendu feministak prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu. “Helburua da etorkizuneko Emakumeen* Etxea kolektiboki irudikatzea eta gorpuztea, eta prozesua askotariko ekarpenekin aberastea”.