[In Memoriam]

Jose Luis Gracia "Txelis" Burdina elkarteko nekaezina hil da

Aiurri 2025ko urr. 6a, 13:47

Jose Luis Gracia Marin “Txelis” atzo hil zen, eta Errekaldeko beilatokian azken agurra egin zioten senitartekoek eta lagunek. Ondare historikoa berreskuratzea xede duen Burdina elkarteko kide izan zen hasieratik, eta atsekabetuta daude taldekideak haren heriotzaren berri izan zutenetik.

Elkarteko kideek gogorarazi dutenez, “Txelis” zaragozarra zen jaiotzez, eta familiarekin Andoainera heldu zen gaztetan. Encarna Iñurritarekin ezkondu, eta biak Villabonara joan ziren bizitzera.

Adierazi dutenez, "Txelis"ek Burdinaren sorreran parte hartu zuen orain kasik 25 urte direla, eta geroztik, beti erakutsi izan du erabateko prestutasuna ondare historiako berreskuratze eta plazaratze aldera elkarteak burutu izan dituen egitasmoetan. “Ez zuen hutsik egiten lanerako deialdia egiten zenetan”.

Alde horretatik, taldekide “leiala eta konprometituta” izan zela beti nabarmendu dute.

Txelis (makurtuta) taldekideekin, Leizotz bailaran, Asuko karobia berreskuratze lanetan, 2022an.  

Lanerako ez ezik, talde giroa alaitzeko abiltasuna ere bazeukala gaineratu dute, “solasaldi ederrak eskaintzen zizkigun, umoretsu beti”.

Azkenik, jakinarazi dute "Txelis" bereziki hartuko dutela gogoan datorren hilean, azaroan, Ortzaikako karobiaren pizte-ekitaldian, “omenaldi xume bat egingo zaio taldekideen partetik guri eta herriari eskainitakoa eskertuz”.

2023ko urriaren 21ean Ortzaikako karobian. Jose Luis Gracia, Burdinaren banderari eusten ageri da

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!