“Parte-hartzea herritarren eskubidea eta betebeharra da”

Jon Ander Ubeda 2025ko urr. 8a, 09:26

Peio Lozano EHUko ikerlaria.

N1 eta A15 errepideen etorkizuneko lotunea dela-eta, Andoaingo Udalak hitzaldi-sorta antolatu du. Era berean, Basteroko hall-ean, bi proiektuen xehetasunak biltzen dituzten infomazio-panelak ipini dituzte ikusgai.

Bart egin da lehen hitzaldia, Peio Lozano EHUko irakaslearen eskutik. Sarrera egin zuen, lehenago, Andoni Alvarez Lete alkateak. Gaurkoan hasita, bi egitasmoen arteko iritzia emateko aukera izango dute herritarrek. Internet bidez egin daiteke eta, datorren astean, paperean egiteko aukera izango da.

Andoni Alvarez alkateak egin zuen sarrera.

Iritzia ematearen garrantzia azpimarratu zuen Andoaingo alkateak, eta honakoa iragarri: “Iritzi bilketan nagusitzen den iritziarekin bat egingo du gobernu taldeak”.

Peio Lozanok hartu zuen hitza, jarraian. Euskalduna da, baina antolatzaileen erabakiz, hitzaldia gaztelaniaz egin zuen. Lehenik eta behin, eskerrak eman zizkion hizlariak Andoaingo Udalari herritarrei iritzia emateko aukera emateagatik. Pantailan, une horretan, honako esaldi hau ageri zen: “parte-hartzea herritarren eskubidea eta betebeharra da”. Urnietan bizi da Lozano eta hark gogoratu zuen Urnietako saihesidearen ibilbidea "inposatua" izan zela. Osasun arloko alegazioak egin zituztela baina kasurik ez zietela egin erantsi zuen.

Andoaingo azpiegituren kronologia egin zuen, lehenik. Errepideen alorrean Europako direktibak hizpide izan zituen eta dagoeneko ezaguna da azken hamabost urteotan ingurumenarekin zerikusia duten irizpideak zorroztu dituela Bruselak. Alabaina, Aldundiaren egitasmoa aurrera ateratzen bada, kaltetuak betikoak izango zirela nabarmendu zuen. Hots, Bazkardo, Mimendi eta inguruko herrikideak.

2025era iritsita, gure lurra deskribatzeko pedagogia egitea gogoko zuela adieazi zuen. Gurea lurraldea txikia da, dentsitate handikoa, okupazio intentsiboa ezartzen duena (etxebizitza, industrigune, zerbitzuak…). Planifikazioaren premia defendatu zuen, “ezinezkoa zaigulako garapen maila honi eustea”.

Aurrekari horiekin, Universidad Complutense de Madrideko analitika-baliabideak eta EAEko kartografia erabili zuen saihesbidearen eta konbibentzia delako egitasmoen arteko alderaketa egiteko. Ikuspegi geologikoa, airea, lurzorua, ura, ingurune biotikoa, inpaktu bisuala… alor horietan sakondu zuen. Puntuaketa bat egin zuen, kontziente izanik boto zenbaketa hutsak ez duela aukera bakarra izan behar. Osasun edo ingurumen ikuspegietan, esaterako, zenbaketa haztatua edo ponderatua egin zitekeela ulergarria zitzaion. Aldagai guztien artean, bi. Airearen kalitateari dagokionez, hark egindako lanaren arabera, saihesbideak populazio kopuru handi bati mesedez egingo liokeela adierazi zuen. “Ulertzen dut, egun, eraikin askotan bizi den herritarren egoera jasanezina zela. Eta urteak daramate horrela”. Inpaktu bisualari dagokionez, bestalde, bistakoa da saihesbideak eragin handiagoa duela. Aldagai tekniko ugari hizpide izan zituen eta, ikusleen artean entzule batek gogorarazi zion dirua saihestu behar ez den aldagaia dela. Bere esperientziagatik, historikoki, horrela izan dela adierazi zuen.

Hitzaldi osoan, behin baino gehiagotan, hizlariak entzuleen ekarpenak jaso eta erantzuteko aukera baliatu zuen. Asmo hori zuen hizlariak, hasieran adierazi bezala.

Informazio-panelak ikusgai daude Bastero Kulturgunean.

Bigarren hitzaldia, ostegunean

Arratsaldeko 18:30ean hasita, Aitana Lertxundi EHUko irakasle eta ikerlariak hitzaldia eskainiko du “Errepidearen kutsaduraren eragina osasunean” izenburupean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!