Hamar herrikide, iritzia emateko kanpainaren alde

Jon Ander Ubeda 2025ko urr. 9a, 09:44

Bart ekin dio Andoaingo Udalak iritzi-bilketari. Lehen egunetan, internet bidez egin ahal izango da, eta hurrengo astean hasita, herrikideek aurrez aurre eman ahal izango dute iritzia Atarian eta Bastero Kulturgunean.

Etorkizuneko errepide-mapa berriak eragin zuzena izango du hirigintza alorrean eta, egun, bi aukera daude mahai gainean: “Lazoa” eta “Saihesbidea”.

“Lazoa” A15 errepidean gertatzen diren soka luzeak desagertarazteko bokazioz aurkeztu zuten, Lasarte-Oriarantz joko lukeen bihurgune handi baten bitartez. Bide-zati berriak N1 errepidean izango du jarraipena, egungo trazatuarekin bat eginez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustua hori da.

“Saihesbidea”ren alde egiten ari da, bestalde, Errespetatu Andoain plataforma, udalerriaren eskaera historikoa dela argudiatuta. Ekimen betean dira, elkarretaratzeak deituz eta auzoz auzoko bilerak eginez. Larunbat honetarako martxa antolatu dute, goizeko 11:00tan Karrikatik abiatu eta Mimendin amaituko dena.

Andoaingo Udalak urtearen hasieran iragarri zuen gizarteratze-prozesua abian jarriko zuela eta, udazkenera iritsita, bi aukera horien artean erabakitzeko epea zabaldu du. Egunotan, Andoaingo etxebizitzatan eskuorria banatzen ari da Udala. Bertan, parte hartzea sustatu nahi duten hamar herritarren lekukotzak jaso dituzte.

Udal ordezkari izandakoak

Eloy Artolazabal, Joseba Erkizia eta Joxean Barandiaran ageri dira eskuorrian. Iraganean udal ordezkariak izan ziren hirurak: Euskadiko Ezkerrako zinegotziak, Eloy Artolazabal eta Joseba Erkizia; Euskal Herritarrak koalizioarekin alkate, Joxean Barandiaran. Garai haietan errepidea udalerritik urruntzeko asmoak kontsentsu zabala lortu zuen. “Udalgintzaren oinarria herritarren ahotsa” dela defendatzen du Barandiaranek. Erkiziak, bere aldetik, erantzukizun partekatuaren alde egiten du: “herritarren erantzukizuna da informatuta egotea eta iritzia edukitzea. Arduradun politikoena da erabaki zuzenak hartzea”. Artolzabalek aukera baliatzeko dei egiten du: “iritzia emateko eskura duzun aukera baliatu ezazu”.

Eragile aktiboak

Gizarte zibil antolatuan eragile aktiboak dira, bestalde, Jimmy Brosa eta Eva Gutierrez. Aski ezagunak, hurrenez hurren, Euskalduna futbol taldean eta Leizaran eskubaloi kluban. “Prozesu partehartzaileen gardentasuna” defendatzen du Gutierrezek eta Brosak, bere aldetik, gonbita luzatu die herrikideei: “zure iritzia ere beharrezkoa da”.

Herritarrak

Imanol Chorro, Amets Vazquez, Inma Cires, Ainhoa Iturralde eta Eloisa Molano dira hamarrekoa osatzen duten beste bost herritarrak. “Izan zaitez erabakiaren parte”, dio Chorrok. “Zure iritzia da axola duena”, defendatu dute Iturraldek eta Molanok. “Erakusketara eta hitzaldietara” hurbiltzeko dei egiten dute, euren aldetik, Ciresek eta Vazquezek.

Prozesuan parte-hartzeko emateko esteka

https://gtkchft4.kuo.vote/sP4E9UOA

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!