Maren Telletxea Paz eta Dani Fernandez Diaz, Europako txapeldunak

Xabier Lasa 2025ko urr. 9a, 11:30

Hamalau urteko Maren Telletxea Paz eta hemezortzi urteko Dani Fernandez Diaz gazteek urrezko dominak lortu dituzte Europako Kayak Surfeko Europako txapelketan, Irlandan, Euskal Selekzioarekin. Txapelketa ofiziala izan da.

Bi gazte andoaindarrak Euskal Herriko selekzioarekin aritu ziren lehian, Sligoko kostaldean (Hego Irlandako Errepublikako konderria) irailaren lehen egunetan jokatu zen Europako txapelketan.

Maren Telletxea bi mailatan lehiatu zen; senior mailan, urrezkoa eskuratu zuen luzea deituriko modalitatean, eta laugarren motza izenekoan. Junior mailan, berriz, lehenengoa postua lortu zuen bai luzean eta bai motzean.

Dani Fernandezek, junior mailan, urrezko domina eskuratu zuen kayak motza modalitatean, eta zilarra kayak luzean.

Euskal Herriak Europako (Irlanda, Ingalaterra, Frantzia, Eskozia, Man Irlak, Danimarka eta Espainiako selekzioekin eta munduko beste hiru herrialde gonbidatuekin (Australia, Hego Afrika eta Argentina) neurtu zituen indarrak.

Horrela, kayak surflari guztiek lortutako emaitzak kontuan hartuta, batu ondoren, selekzioen txapelketari dagokionez, Euskal Herria lehena izan zen (18 puntu), Frantzia, bigarren, eta Ingalaterra, hirugarren.

Euska Herriko selekzioa Irlandan (Argazkia: Euskal Kirol Selekzioen Batasuna)

 

Euskaldunen erakustaldi ikusgarriak

Telletxea eta Fernandez Donostiako Erreal Klub Nautikoko arraunlariak dira. Hamasei arraunlarik osatu zuten Euskal Selekzioa, eta Donostiako taldekideak izan ziren horietako gehien-gehienak. Denek ikuskizun polita eskaini zuten Sligoko kostaldean egin zen txapelketan. Egundoko trebezia erakutsi zuten tarteka bi metroko altuera hartzen duen Easkey Left izeneko olatu famatuan.

Guztira, hamaika eguneko abentura izan zen txapelketan parte hartzea Euskal Herriko kayak-surflarientzat. Hiru bat egun igaro zituzten Bilbo-Rosslare joan-etorria egiten duen ferryan; lau egun iraun zuen txapelketak, eta gainerako egunetan, txapelketako prestakuntzari heldu zioten. Irlandako kostaldeko paraje zoragarrietan turismoa egiteko betarik gabe ibili ziren, erabat kontzentratuta lehiarekin.   

Maren Telletxearentzat Espainiako estatutik kanpoko lehenbiziko txapelketa izan da Irlandakoa. Dani Fernandezek eskarmentu handiagoa du nazioartean, lehen ere lehiatu izan baita nazioarteko txapelketetan. Hain zuzen, Europako txapelketa irabazi zuen Galizan 2023an, eta mundukoa Mar de Platan (Argentina), iaz.

Kayak surflari porrokatuak

Piraguismoaren eta surfaren arteko nahasketa da Kayak Surfa, eta itsas olatuetan praktikatzen da. Kayak edo kanoan sartuta, olatu bizietan murgildu eta txiribueltak eta mugimendu ikusgarriak egin behar izan dituzte kayak surfelariek. Surfaren antzeko arauak ditu kirol horrek, eta olatuak hartu eta horietan irrist egiteko abiltasuna, abiadura, mugimenduen ikusgarritasuna... dira epaileek kontuan hartzen dituzten zenbait ezaugarri.

Ez da batere ezaguna Kayak Surf kirola gurean, eta Telletxeak eta Fernandezek aitortzen dute makina bat alditan azaldu behar izan diotela jendeari zeintzuk diren bere ezaugarriak. Era horretan, ez dute oihartzun handirik eduki Europa mailan lortu dituzten garaipenak, nahiz eta egundoko meritukoa izan egin dutena.

Oihartzunak oihartzun, pozez ezin kabiturik daude bi gazteak, gogoko duten kirola praktikatzen dutelako, eta gainera, nazioartean dominak eskuratzeko aukera ematen dielako.    

Biek adierazi dutenez, kirol ugaritan jardundakoak dira umetan, baina behin Kayak Surfa probatu zutenetik, txora-txora eginda dabiltza harrezkero. “Izugarri gozatzen dugu itsasoan, olatuekin”, dio Telletxeak.

Astean lau egunetan aritzen dira Kayak Surf praktikatzen Donostiako itsasertzean, asteazkenetan, ostiraletan, larunbatetan eta igandetan; asteburuak ere horretara jarrita bizi direla, alegia. “Ez zaigu batere nekagarria egiten diziplina hori, gogotsu joaten gara”, esan dute biek azkar askoan.

Kayak baten barruan olatuekin jolasean edo borrokan dabiltzanean, zer sentitzen duten galdetuz gero, denetik erantzun dute. “Nekagarria egiten da batzuetan, eta izatez, hamar kilo galdu ditut nik azken urtetan, baina aldi berean, ohartuta nago indarra, diziplina, kontzentrazioa eta itsasoan murgiltzeko erabateko konfiantza eman didala kayak surfak”, erantzun du Fernandezek. Telletxeak emozioekin lotu du kirola: “Olatuen artean ibiltzea estres puntua eragin dezakeela ematen du, baina niretzat askatasunarekin dauka zerikusia gehiago; aske sentiarazten nau, erabat ahaztu egiten zaizkit egunerokotasuneko gorabeherak”.    

Azkenik, kayak surfa proba dezaten animatzen dituzte gazteak: “Ikastaro bat egitea komeni da lehenbizi; ikusi dezatela beren nahietara egokitzen den kirola den ala ez, eta gero gerokoak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!