Andoainen, azken urtetan joan dira ugaltzen emakumeen izenak espazio publikoan. Atzera begira jarrita: Ama Kandida Etorbidea da bat (Juana Josefa Zipitria izenekoa, Jesusen Alaben Kongregazioko fundatzailea); Anbrosia Olabide eraikina (baztertutako emakume gazteentzako babes-etxearen sortzailea); Carmen Alcacera kalea (emagina); Algodonerako Emakumeen plaza (Algodonera lantegiko emakume langileei aitormena egiteko); Juanita Alkain (Aita Larramendi ikastolarentzat eraikina dohaintzan eman zuen irakasle euskaltzalea); eta, Plaza Morea (Bastero eraikinaren aurreko plaza). Udaleko Berdintasun saila, Euskara Zerbitzua eta Udal Artxiboa elkarrekin aritu dira bi mozioen lanketan.
Grazia Garagorri
Iosu Etxezarraga Ortuondo historialariak eman zuen aditzera Grazia Garagorri Andoaingo herritarraren historia krudela, 1629an gertatua. Hain zuzen, Andoaingo Udalak eta Udal Artxiboak bultzatzen duten Leyçaur17 aldizkarian, “Urak gainezka egite duenean. Indarkeria interpertsonala Andoainen Antzinako Erregimenean” ikerlanean egin zuen aipamena, 2024an. Antzinako Erregimenean (1789ko Frantziako Iraultza aurreko Europako monarkien garai historikoa) zehar, Andoainen indarkeria fisikoa zein testuinguruetan ematen zen, zein ondorio zituen eta komunitateak eta erakundeek nola hartzen zuten izan zituen ikergai Etxezarragak. Lan horretan, hainbat kasu ekarri zituen gogora, eta horretarako bi iturri judizial erabili zituen batik bat, Iruñeko Elizabarrutiko Artxiboa eta Gipuzkoako Artxibo Orokorra.
Hona, Grazia Garagorri aipagai izanda, zer dioen egileak, zehazki (58. or): “Andoainen ezagutzen dugun kasu gogorrena (eta goiztiarrena) 1629ko abenduaren 21ean gertatu zen. Grazia Garagorri bere bizilekuan, Torre etxean, topatu zuten, labankadaz eraila. Bere senarrak, Joan Martinez Martitzenak edo Martixarenak, heriotza-zigorra jaso zuen eta Korrejimenduko Auzitegian apelazioa jarri zuen”.
Horrenbestez, orain arte jakin denetik behintzat, senarrak labankadaz hildako Grazia Garagorri da Andoainen dokumentatutako indarkeria matxistaren lehen biktima.
Haizea Barandiaran Berdintasun zinegotziak zubiari Garagorri izendatzearen zergatia azaldu zuen udalbatzan. "Duela 400 urte, emakumeak indarkeria matxistaren biktimak ziren, gaur egun bezala, eta 400 urte hauetan, Andoaingo milaka emakumek jasan dute beren gorputzetan sistema heteropatriarkalaren indarkeria, zeinak, forma ezberdinetan bada ere, indarrean jarraitzen baitu gaurko egunez. Ez dugu nahi ahanzturan erortzea, ez bera, ez indarkeria matxistari aurre egin dioten emakume guztiak, eta, horregatik, nahi dugu espazio publikoan erreferentzia bat izatea, beste harri bat izatea memoria historiko demokratikoa berreraikitzeko eta indarkeria matxisten biktimen erreparaziorako". Izendapen horrekin zer lortu nahi den erantsi zuen Barandiaranek: “indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeak omentzea, beraien memoria historikoa berreskuratzea eta erreparaziorako urrats bat ematea, espazio publikoan beraien presentzia bermatuz”.
Andre Gobadagileen pasealekua
Bekoplazaren eta Leitzaran ibaiaren artean doan pasealekua, Andre Gobadagileen pasealekua izendatzea izan zen udalbatzan hartu zuten bigarren erabakia. 2021eko abuztuan zabaldu zuten atseden gune hori.
Ibai bazterreko leku hori erraz identifika liteke iraganeko hainbat emakume andoaindarrentzat, bertan egiten baitzuten gobada edo lixiba, bertako latsarrietan gobada joz.
Haizea Barandiaranek azpimarratu zuen, mendeetan zehar, emakumeen presentzia, ekarpena eta lana ikusezin bihurtu direla, maila guztietan, “familiaren eta zaintzaren barruan zeregin nagusi batera baztertu dira, eta bizitza publikoarekin lotutako jarduerak egiteko aukera ukatu zaie: politika, artea, kultura edo zientzia. Beraz, kaleen izenen arteko desberdintasuna sexuen arteko desberdintasun historikoaren isla da, non espazio publikoa gizonek diseinatu duten, batez ere une historiko desberdinetan botere ekonomiko, politiko eta erlijiosoa zutenek”.
Era horretan, helburu izan dute “emakumeek mendeetan ugalketaren eta zaintza-lanen esparruan egin duten ezkutuko eta baloratu gabeko lana aitortzea. Lan horiek oinarrizkoak dira gizakiaren eta gizarte-taldeen ongizaterako eta mantenurako, eta aldiz, ez dute izan eremu publikoan inongo aitortzarik, eta ordainsaririk edota balio sozialik ere".