"Feministok Palestinarekin" elkarretaratzea egin dute Goikoplazan

Jon Ander Ubeda 2025ko urr. 10a, 20:16

Euskal Herriko txoko askotan egin bezala, Andoainen mugimendu feministak bat egin du Palestinak pairatzen duen egoerarekin.

Adierazpena

Mugimendu feministako bi kidek irakurri dute adierazpena: 

"Hasteko, eskerrik asko gaur honera hurbildu eta mobilizatzeko hautua egin duzuen guztioi.

Urte luzeak igaro dira Israelgo estatu sionista sortu eta Palestina okupatua izaten hasi zenetik. Zoritxarrez azken urte eta hilabeteetan Israelgo estatuaren oldarraldia areagotu egin da Palestinako lurretan, eta ez dago genozidioa ez den beste hitzik gertatzen ari dena azaltzeko. Euskal Herrian, azkeneko bi urtetan, aurrekoetan bezala, kalera atera gara genozidioa salatzera; manifestazioak, ekintza zuzenak, elkarretaratzeak, salaketak, mobilizazio zaratatsuak... Hamaika izan dira antolatutako ekimenak. Horren adibide argia dugu, aurreko astean Euskal Herriko hiriburuetan eta Andoainen bertan ere milaka eta milaka pertsona Global Sumud Flotillak jasandako erasoa salatzera atera ginela, genozidioa salatzearekin batera.

Gaurkoan, feministok, Euskal Herriko hamarnaka herri eta auzoetan kalera atera gara dagokigun ardura hartu eta genozidioa salatzeko. Emakume palestinarrek duela aste batzuk mezu argi bat helarazi ziguten argitaratutako agiri baten bitartez

  • Emakume palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatu. 

  • Palestinaren aldeko ekimen eta mobilizazio feministak antolatu. 

  • Erakunde eta gobernuei presioa egin Israelera armak bidaltzeari uzteko. 

  • Israelen aldeko eta okupazioaren erregimena betikotzen duten enpresa eta erakunde guztiei boikota egin. 


Sarri esan ohi dugu emakume eta disidenteon gorputzak izan ohi direla lehen lurralde okupatuak gerra egoeretan, eta oraingoan ere, hala izaten ari da. Jasaten ari diren bortizkeria eta indarkeria lazgarria da. Haurrak ere ezin ditugu aipatu gabe utzi. Gutxienez 20.000 haur erail dituzte azken hilabeteetan. Eta Israelek gosetea ere arma gisa darabil palestinar herriaren aurka.

Gerra, bere forma guztietan, materialetatik sinbolikoetara, sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialistaren adierazpen gorena da. Eta kolonialismoa eta inperialismoa betikotzeko mekanismo bortitzena da. Beraz, Palestinaren alde eta Israelen aurka lerratzea, askatasunaren alde lerratzea da, sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialistaren aurka, hain zuzen.

Genozidio hau, kolonialismoaren eta harreman kolonialen isla argia da. Ikusi besterik ez dago mendebaldeko herrialdeek Israel babesteko duten interesa; armak bidali, entrenamendu militarrak egin, segurtasun-sistemak eta mugen kontrola areagotzeko proiektuak finantzatu, Nazio Batuen Erakundeko bozketetan babesa, kirol proba internazionaletan Israel babestu eta lekua eman... Eta nola ez, feminismoa eta LGTBI+ komunitatearen eskubideak, Israelen aldeko gezurrak zabaltzeko erabili.

 Hori bera duela hilabete batzuk ozen salatu genuen Euskal Herriko transmaribibollo komunitateko hainbat kidek; Israelgo estatu genozida egiten ari den pinkwhasinga, hain zuzen ere. LGTBIAQ+ eskubideen aldeko estatu bat direla esanez, Palestinarekin aurkakotasunean. Israel estatu zibilizatu gisa kokatuz eta Palestina barbaro gisa kokatuz. Guk, ozen diogu ez dugula halakorik onartuko Israelgo estatua justifikatzeko eta egiten ari diren sarraskia estaltzeko.

Gaur, hemen eta Euskal Herriko hainbat txokotan elkartu garenoi, egoerarekiko posizio argia agertzea besterik ez dagokigu. Europako herrialdeetatik, eta zuri bezala, dugun erantzukizuna salatu behar dugu, baita Israelen konplizeak salatu ere. Ez diezagutela sinetsarazi ez dugula zereginik. Euskal Herriak urteak daramatza Palestinari elkartasuna eta babesa adierazteko mobilizazioak antolatzen eta Israelgo estatu sionistaren aurkako boikotean aktiboki parte hartzeko dei egiten; nazioarteko boikot kanpainak, desinbertsio kanpainak... Mugimendu Feministako kideoi ere horietan parte hartzea dagokigu, eta bide honetan jarraitzeko dei egiten dugu. Euskal Herriko enpresa, erakunde eta instituzioek apur ditzatela Israelekin dituzten harremanak, orain!

Duela egun batzuk, egoeraren erantzule diren berberek, urteetako apartheida bultzatutako berberek, bake prozesu baterako bide proposamen bat aurkeztu zuten. Feminismo internazionalistatik urteak daramazkigu bakea ortzimugatzat eta gerren kontrako arma ezinbestekotzat hartzen. Baina ez dugu mendebalde globalaren eta haren agintarien neurrira proposaturiko bakerik nahi, ez dugu haien bakerik nahi. Genozidioarekin amaitzeko neurri eta erabakiak nahi ditugu, Palestina aske izateko neurriak nahi ditugu!

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte garen herri eta auzoetako asanblada feministetatik Palestinako emakume eta gorputz disidente orori, eta oro har, palestinar herriari, gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu. Jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten. Jarrai dezagun genozidioa salatzen. Jarrai dezagun ardura hartzen. Jarrai dezagun Israeli boikot egiten. Segi dezagun gobernuak interpelatzen eta gobernuei presio egiten. Segi dezagun mobilizazioak antolatzen eta elkartasun internazionalista artikulatzen. Egin dezakegun gutxiengoa da. Palestina osoa. Ibaitik itsasora.

Boikot Israel!


Gora Palestinar erresistentzia!

Palestina askatu!

Gora borroka feminista!".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!