Laxoaren kontrako eta saihesbidearen aldeko manifestazio jendetsua egin dute, “Errespetatu Andoain”ek deituta

aiurri 2025ko urr. 11a, 17:30

Karrika auzotik abiatu da manifestazioa, eta Mimendi kalean amaitu dute. Bidean, “osasuna arriskuan, lazorik ez”, “lazoa ez, saihesbidea bai”, “escucha diputacion: lazo no es solución!” leloak oihukatu dituzte, besteak beste. Argazki-sorta eta bi bideo, ikusgai:

Kaimuturrean eta Juanita Alkain plazan, Mailu Arruti, Helena Zubillaga eta Olatz Iriberri clownzaleek saio umoretsu bana eskaini diete manifestazioko parte-hartzaileei.

Hona Mimendi kalean, manifestazioa amaituta, “Errespetatu Andoain” plataformako kideek irakurri duten idatzia:

“Denok dakigu kanpoko saihesbideak landa-lurretan izango duen ingurumen-inpaktua. Badakigu trazadura berriak zalantzak sortzen dituela. Eta logikoa da: inork ez du ikusi nahi gure bizitzaren parte diren zuhaitzak, baratzeak edo paisaiak desagertzen.

Denok dakigu egungo errepideak ez duela gehiago ematen, eguneko batez besteko intentsitatea 71.000 ibilgailukoa izanik, auto-ilarak, istripuak, zaratak eta kutsadura barne. Horrela jarraitzea ez da lurraldea eta bizilagunen osasuna zaintzea.

Horregatik defendatzen dugu kanpoko saihesbidearen trazadura berria: mugikortasuna seguruagoa eta eraginkorragoa izan daitekeelako - Bide-segurtasun handiagoa dakarrelako.

- Hiri-garapen handiagoa dakarrelako, oinezkoentzako pasealeku, parke, aisialdirako gune eta bidegorri berriak sortuz. - Auzo desberdinen arteko lotura hobetzen duelako.

- "Zabalari" garapen-aukera bat emango diolako.

- Udalerriko erdiguneko kaleetako trafikoa murrizten lagunduko duelako.

- Guztion osasuna hobetuko duelako.

Baina kanpoko aldaera berriak arintze- eta konpentsazio-neurri eraginkorrak izatea ere eskatu beharko litzateke, hala nola:

- Kaltetutako habitatak lehengoratzea.

- Faunarentzako pasabideak sortzea.

- Inguruko baso-berritze baliokideak edo handiagoak.

- Kaltetuentzat egokiak diren kalte-ordainak eta lur-trukeak.

Helburua ez da garapena edozein preziotan sustatzea, baizik eta konponbide orekatu bat bultzatzea, aldaera eta iraunkortasuna uztartuko dituena.

Saihesbidea defendatzea ez da naturari uko egitea, baizik eta ibilbide seguru baten alde egitea, udalerriko auzoak gehiago lotuko dituena, aisialdirako gune gehiago izango dituena eta osasunari kalte gutxiago eragingo diona. Etorkizun bat guztiontzat.

Konpromisoa argia da: ondo egitea, hau da, kanpoko saihesbidearen ingurumen-inpaktuaren azterketak berrikuspena behar du, baina trazadurak estrategikoa izaten jarraitzen du, eta arintze neurri hobeekin gara daiteke: obra publiko handi guztietan daude saihestezinak diren inpaktuak. Garrantzitsuena minimizatzea eta konpentsatzea da.

Batzen gaituena, gure lurraldea, osasuna, etorkizuneko paisaia, elkarrekin pentsatzea eta erabakitzea merezi du, eta Andoainek jasaten ari dena baino gehiago ez sufritzeko behar den diru publikoa mahai gainean jartzea.

Andoain hobe batean alde, parte hartu!

Saihesbideari bai!

Eman zure iritzia online eta gonbidatu zure familia, zure bizilagunak!

Orain da unea!

Eskerrik asko etortzeagatik!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!