Hitzarmenaren arabera, SAPAk egin beharreko lan guztia Michiganen daukan plantara eramango du. Egun, SAPAk Michiganen 60 langile dauzka; Andoainen eta Madrilen, berriz, 360.
Gipuzkoako enpresa batek nazioarte mailan egin duen kontraturik handiena da, eta azpimarratzekoa da arlo ekonomikotik ez ezik, baita enpresaren zabalkundearen ikuspegitik ere, izan ere, kontuan hartu behar baita SAPA, Espainiako estatuan, lehenbiziko enpresa izango dela teknologia eskainiko diona munduko lehen potentzia militarrari.
Normalki Estatu Batuetako eta Alemaniako enpresak nagusi diren sektorean SAPAk muturra sartu izanak eragin du harridura, besteak beste, armagintzaren sektorean. AEBetako Pentagonoaren Next Gen plangintzaren barruan kokatzen da bere ibilgailu blindatuei teknologia berria ezarri nahi izatea.
SAPA, punta-puntan armagintzan
Nabarmentzekoa da Aperribay familiaren enpresak azken urtetan garatu duen transmisio-sistema motorraren potentziaren %90az baliatzen dela, eta balaztaz, abiadura-kaxaz eta direkzioaz gain, ibilgailua bera gidatzeko gaitasuna daukala.
Era horretan, eta ibilgailu blindatuen arloan mugikortasun eta kudeaketa elektrikoan lortu duen erreferentziazko posizioa dela eta, SAPA lantegia armagintzako teknologian punta-puntan jarriko dela uste dute adituek.