Aurreko bi hitzaldiekin alderatuta, atzokoan burubelarri murgildu ziren biak Andoaingo auzian. Bereziki, Jaime Vergelen tartean. Denbora gehien erabili zuen hizlaria izan baitzen.
Hitzaldi teknikoa izan zen Vergelena eta, aldiz, teorikoagoa Hoyosena.
Lehen hizlariak askatu gabeko korapilotzat deskribatu zuen Andoainen gertatzen ari dena eta, lehen minutuetan, errepide-mapa sarearen kronologia egin zuen. Trafikoari erreparatuta, ikusleen buruan geratu zen datua eman zuen: “Andoainen, zazpikoitu egiten da Gipuzkoako batez bestekoa. Konparazio batera, Andoaindik igarotzen den trafikoa Madrid aldeko M-30ren edo Bartzelona zeharkatzen duen Ronda Litoralen parekoa da”. Andoaindik barrena igarotzen da E05 errepidea, Eskoziako Greenock-en hasi eta Espainiako Algeciras-en amaitzen dena. Vergelen hitzetan “ulergaitza da tamaina horretako errepidea ebatzi gabe egotea”.
Azalpen tekniko ugari eman ostean, Saihesbidea eta Lazoa alderatzeari ekin zion. Laburbilduz, saihesbideak zarata murriztuko du, nabarmen, hiri barruko zirkulazioa hobetuz. Gune libre asko sortuko dira aisialdira, jarduera fisikoetara eta hirigune-eremu berrietara bideratzeko. Alabaina, bi egitasmoen artean, saihesbidea egiteko diru gehiago eta denbora gehiago beharko da.
Lazoa, bestetik, merkeagoa eta azkarragoa da. Baina, aldiz, Vergelen ustean, zarataren auzia ez da konpontzen, hiri barruko mugikortasuna ez da hobetzen eta hirigintza garapenerako aukera gutxitzen da.
“Erabakia herritarrena izatea babestu behar da”
Lehenik eta behin, hiritarrei zuzendutako bilkurak garrantzitsutzat jo zituen Hoyos eguneko bigarren hizlariak eta “partaidetzazko prozesuetan erabakia herritarrena izatea” babestu behar dela defendatu zuen. Ekonomiak bere baitan alor ugari ditu, askoren artean, eragin soziala. Hoyosen ustean, azken helburua ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea da.
Politika publikoan baliabideak mugatuak dira eta, aldiz, beharrak mugagabeak. Efizientziaz jokatu behar da, beraz. Eta, horretarako, hiru aldagai aipatu zituen: ekitatea, justizia eta iraunkortasuna. “Ongizate-ekonomiak marko bat eskaintzen du politika publikoak ebaluatzeko”, esaldia ageri zen pantailan. Amaiera aldera, bi egitasmo handien arteko alderaketa egin zuen. Bietan aurkitu zituen aldeko eta kontrako faktoreak, baina haren ustean, “saihesbideak balio sozial handiagoa” du.
Auziaz debate baten premia beharrezko ikusten zuen, bi egitasmoek duten inpaktua aintzat hartuz, eta gardentasunez jokatuz.
Galde-erreguak
Hitzaldiaren lehen zatian zuhurtziaz aritu ziren Vergel eta Hoyos eta, galde-erreguetan, euren ikuspegia azaldu zuten. Hoyosi, esaterako, “oso arraroa” iruditzen zaio “tamainako errepidea herrigunetik hain gertu pasatzea”. Vergeli, bestalde, “ulergaitza” zaio 2011tik hona Aldundiak izan duen jarrera aldaketa: “Arraroa da. Plan Orokorrean Aldundiak berak aurrikusi zuen saihesbidea. Zergatik aldatu duen irizpidea? Ez dut ideiarik ere, baina ulergaitza da, saihesbidearen onurak agerikoak baitira”.
Laugarren eta azken hitzaldia
Urriak 22, asteazkena
18:30 Bastero Kulturgunea
“Hirigintza ikuspegia”. Ander Gortazar, arkitektoa, hirigintza, lurralde antolamenduan, mugikortasunean eta Geografia Informazio Sistemetan aditua.