[In Memoriam]

Maria Jesus Ansa Uribe euskaltzale eta kantuzale amorratua hil da

Aiurri 2025ko urr. 15a, 10:48

94 urterekin hil zen asteartean, eta bere aldeko elizkizuna San Martin parrokian, gaur asteazkenarekin, 18:30etik aurrera egingo da. Aita Larramendi ikastolako irakaslea izan zen urtetan, eta kantuzale amorratua izaki, Alberto Agirre abesbatzako kantaria ere izan zen.

Kantuzaletasunak bultzatuta, Alberto Agirre abesbatzan abestu zuen urtetan, eta besteak beste, Beterriko Kantak liburu-diskoa argitaratu zuen Leire Ibañez musikari eta musika biltzailearen informatzaileetako bat izan zen. Larramendi Bazkunaren eskutik argitaratu zen belaunaldi batek haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan ezagutu eta ikasi zituen kanten bilduma eder hori, 2002an.

Bestalde, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzea xede duen Ahotsak egitasmoak ere jasota dauka Maria Jesus Ansaren testigantza. Hemen, berarekin bideoz egindako elkarrizketa, ikusgai.

Hain zuzen, Ahotsak egitasmoan parte hartu zuten 73 andoaindarrei Basteron aitortza ekitaldia eskaini zitzaien 2017ko abenduan. Maria Jesus Ansa ere hitzordu hartan izan zen, eta bukaeran, honako adierazpenak egin zizkion Aiurriri: “Alberto Agirre abesbatzarekin entsegua egiten dugun tokian egin zidan elkarrizketa Aranoko Ainhoa Ansak, Ahotsak-eko gazteak. Txikitako kontuak, abestiak, jolasak... era guztietako galderak egiten zizkidan, eta nik ere denetik erantzun. Ni oso andoaindarra sentitzen naiz. Betirako geratuko dira gure kontakizunak. Gerorako eta datozen gazteentzat eskoletan ikasteko oso irudipen politak geratuko dira gordeta”.  

Ahotsak ekimeneko zenbait lekukotza emaile, Basteron ospatu zen aitortza-ekitaldian bilduta, 2017an. Maria Jesus Ansa, zutik, eskuinetik hasita lehena da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!