URRIAK 15-IRAKURKETA
Etxera itzultzea etxe arrastorik gabe. Harriak, hautsa, hutsa, tranpak, oroitzapenak, malkoak, inoiz itzuliko ez dena begi bistan.
Halaz ere, itxaropentsu. Hondakinak baino, genozidioaren frogak dira. Herri nekaezinaren metafora.
Etxera bueltatu, zertarako, nola eta noiz arte izango den jakin barik. Irtenbiderik gabeko itxarobidea. Halaz ere, pozarren. Merezi du.
Kanpotik ikusita, ezer ez duenak begi onez ikusten du nolabaiteko akordioa egon izana.
Palestinarren begien dirdira eta galdera: nazioarteko komunitateak ardura hartuko al du? Nola liteke XXI. mendean halako inpunitate sadikoa? Zein markok arautzen du nazioarteko harreman desorekatu eta arrakeroak?
Nork bermatuko die palestinarrei etxe birrindutara itzultzeko eta berreraikitzeko eskubidea? Libre izateko eskubidea errespetatzen dela bermatu behar du munduak.
Palestinarrek jakin badakite, hamarkadetako sufrimenduaren azala urraturik, zuhurtziaz jokatu behar dutela. Guk ere badakigu basapiztia sionistak edozein momentuan sinatutakoa albo batera utz dezakeela.
Baina, sasien artean eta sasi guztien gainetik, etxera izeneko txikizio esparrura itzuli dira, esperantzara kondenaturik, kontziente izanik edozein momentutan Israelek akordioa betetzeari utz diezaiokeela.
Eta badakigu genozidioa ez dela Trumpek diseinatu duen akordioarekin amaitzen. Genozidioa keinu bakoitzean indarrean dago, baita nazioarteko diplomaziarekin batera antzeztutako pailazokerietan ere. Nazio Batuen Erakundeak, tamalez, zuzenean ikusteko parada daukaguna baieztatu zigun: Gazan genozidioa ematen ari da eta luzerako doa.
Genozidioak semantikan ere bizirik dirau. Jarraitzen du preso versus bahitu ahoskatzen den bakoitzean. Presoak eta harrapatuak desberdintzen ditugun bakoitzean.
Hedabideek 20 familien poza ehunka zorion malko debekatuekin alderatzen duten bakoitzean. Ikusezina dirudien arren, azken egunotan 1.968 palestinar bahituak kalean utzi dituzte, batzuk etxera itzultzeko, etxe eta senide arrastorik gabe.
Azken bi urteotan 77 palestinar hil dira Israelgo atxilotze-gunetan, 10.000 inguruk jarraitzen dute preso. Horien artean 360 adingabekoak dira, semantikoki umeak direla ez esateko.
Nola da posible nazioarteko araudiak eta diplomaziak nabarmenki porrot egin izana? Nola utzi dugu utzikeria puntu honetara iristen? Egoera hau berriro beste inon ez gertatzeko bermeak behar dira eta honek sistema guztiz inperfektuaren autokritika sakona eskatzen du.
Eta orain..., orain zer?
Orain inoiz baino gehiago begi eta indar guztiak Palestinarengan jarri behar ditugu. Palestina babesten jarraitu behar dugu. Palestina maitatzen jarraitu behar dugu, gaur bezala, gure indar xume eta duin guztiarekin.
Palestinaz hitz egiten jarrai dezagun bigarren plano batean geratzeko arriskua errotik uxatzeko. Babes eta mobilizazio sozialari eusteko milaka arrazoi daude, suntsitutako adreilu bakoitzeko bana eta, datozen asteotan, arlo guztietan aukera paregabeak izango ditugu palestinarrak erdigunean jartzeko.
Baina ez hori bakarrik, Palestinarekiko maitasuna eta sionismoaren aurkako irmotasuna bateraezinak ez direlako. Israel isolatu behar dugu.
Israel isolatu behar dugu.
Bai, Israel isolatu behar dugu pentsaezinak diren arlo nagusi eta detaile txikietan ere. Maila diplomatiko, komertzial eta kulturalean, kirol mailan, instituzioetan, unibertso akademikoan... okupazioa, apartheid-a eta palestinar lurretan kolonia ilegalak amaitu arte, eraikiko den tren bakarra askatasunarena izan dadin.
Zeren protesta egiteak ez baitu ezertarako balio diote. Buruan gordeta ditugu dozenaka adibide gure kale kantoietan, gure estadioetan, gure ikastetxeetan. Munduan zeharkako mobilizazio sozialek akordioaren pakidermoa mugitzeko balio izan dute, baita gure ahaleginek ere.
Puzzle horretan, Euskal Herria harrokeriarik gabeko abangoardia izan da eta mundu osoarentzat elkartasun eredu, gurean ere pausu gehiago ematea ezinbestekoa den arren.
Harri, hauts, hutsa, tranpa eta malkoei aurre egiteko urgentziazko neurriak aplikatu behar dira Palestinan: laguntza humanitarioa biderkatu, presio militarra desagerrarazi, sektore zaurgarrienen zaintza landu, oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraiki, desplazatutakoak sorterrira eraman... Babestu hitzak gakoa behar du izan.
Babestu Gazan, Zisjordanian, kanpamentuetan eta espetxeetan. Palestina eta palestinarrak babestu finean, palestinarrek euren etorkizuna erabaki dezaten.
Palestina entzun behar dugu eta palestinarren hitza errespetatua izan behar da. Guri konpromisoak hartzea dagokigu, bakoitzak Palestina babesteko egin dezakeen hori egiteko momentua delako.
Horregatik Euskal Konpromisoa osatuko dugu, herriz herri, egunez egun. Egiten den guztia gutxi da, baina egin dezagun, egunero, indar guztiekin, egin dezagun badaezpada. Egin dezagun sorterrira itzultzea herri libre bat eraikitzeko urrats sendoa izan dadin.
Etxera itzultzea etxe arrastorik gabe. Herri nekaezinaren metafora.
Palestinarekin beti!
Eskerrik asko!