50 urteko ibilbidea osatuta, ateak itxiko ditu Gonzalez sastreria ezagunak

Aiurri 2025ko urr. 15a, 20:59

1975ean aitak ireki zuen negozioari jarraipena eman zion alabak, baina gaurkoan ibilbideari amaiera emango diola iragarri du Virginia Gonzalezek. Kale Nagusiko merkatalgunea erreferentziazko denda da Andoainen, aski ezaguna herrian.

Pandemia garaia bizi izan zuen Virginiak eta negozioa aurrera ateratzen asmatu zuen. 2021ean egindako elkarrizketan hizpide izan zuen egungo jokabide kontsumista, kalitatezko arroparen kaltetan: "Uste dugu hobe dela arropa on bat erostea eta ez kalitate txarreko hogei. Kontzientzia hori galtzen ari dela iruditzen zait. Erabili eta bota, erabili eta bota..., gure industria kutsakorrena bilakatzen ari da. Planetari kalte egiten diogu jokabide horrekin, eta uste dugu hobea dela arropa gutxiago erostea, eta erosten dena kalitatezkoa izatea".

"1975ean zabaldu zuten negozioa, neu jaio nintzen urtean hain zuzen", gogoratu ohi du Virginiak.  50 urteko epealdia osatuta, erakusleihoan eta sare sozialetan dendaren itxiera iragarri du dendariak. Historiara pasatzear da, beraz, Kale Nagusiko Gonzalez Sastreria.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!