"Mozioan jasotzen den bezala, Udalak berak enkargatutako txosten geoteknikoak baieztatzen du eremua ezegonkorra dela eta berehalako esku-hartzerik gabe lur-jausi berriak gerta litezkeela. Txosten teknikoak lanen kostua 450.000 eurotan (BEZa barne) kalkulatzen du eta hiru eta bost hilabete bitarteko iraupena aurreikusten du, lurraren konplexutasuna eta materialak helikopteroz garraiatu beharra kontuan hartuta.
Txosten teknikoak argiak dira eta dagoen premia justifikatuta dago: arriskua dago luizi berriak gertatzeko eta kanalak hondatuta jarraitzen du. EH Bilduk premiaz jardun behar du. Egunek aurrera egiten dute eta zentrala geldirik jarraitzen du. Beraz, Andoainek diru-sarrerak eta bere buruaren hornikuntza energetikorako gaitasuna galtzen ditu”, adierazi du ohar bidez EAJ-PNVko bozeramaile Imanol Goenagak.
EAJ-PNVrentzat, “Bertxinek aukera erreala eskaintzen du tokiko energia berriztagarriaren sorkuntza handitzeko eta, adibidez, udal eraikin guztien hornidura elektrikoa bermatzeko. Bertxingo kanalaren konponketa ezin da gehiago atzeratu. EH Bilduk ezin du ezikusiarena egiten jarraitu, eta beharrezko baliabideak jarri behar ditu segurtasuna, ingurumena eta Andoaingo etorkizun energetikoa bermatzeko”.
Talde jeltzaleak gogorarazi du 2025eko udal-aurrekontuetan EAJrekin adostu zela zentralaren mantentze- eta eguneratze-lanetarako 100.000 euroko diru partida txertatzea, baina horietatik 20.000 euro inguru bakarrik gauzatu direla, eraikinaren estalkiaren konponketari dagozkionak alegia.