Ekainean hasita, sentsibilizazio lanean ari da zuen plataforma. Argi utzi duzue Gipuzkoako Fou Aldundiak sustatu duen “Lazoa” izeneko egitasmoa ez duzuela gustuko. Zergatik?
Andoni Etxezarreta: Gipuzkoako trafiko-pilaketa handiena Andoainen ematen da: 71.000 ibilgailu dira, egunero-egunero, eta horietatik % 25 trafiko pisutsua ri dagokio. Horrek kutsadura eta zarata handia eragiten du eta udalerria zatikatuko du. Lazoak egingo duena –egiten badu–, trafikoaren arazoari erantzuna ematea izango da. Ulertzen dugu, trafikoaren eskuduntza hutsetik begiratuta, agian, hori izan daitekeela soluzioa. Garbi izan gabe, nire ustean, benetan horrela izango ote den. Ez dugu bat egiten ikuspegi horrekin. Ez da trafiko arazo bat, herri oso bati eragiten dion arazoa baizik. Eta horretarako dago 2011tik, eta lehendik ere, saihesbidea egiteko proposamena.
Saihesbideak aukera ugari emango dizkio udalerriari: auzoen lotura, espazioak berreskuratzea eta jasaten dugun zarata eta kutsadurari muga jartzea.
Ana Sanz: Ez soilik osasunari dagokionez. Garapen-eredua dago jokoan, zer nolako udalerria nahi dugu etorkizunean? Lazoak udalerria itoko du eta saihesbideak herria garatzeko abantaila ugari emango dizkigu.
A.E.: Indarrean dagoen Plan Orokorrak jasota dauka Ama Kandidako trafikoa Buruntza aldera bideratzea eta N1 errepidekoa Belkoain aldera. Urteak dira A15a egin zela eta, egun, Bazkardo eremuaren garapena ezagutzen ari gara: Ziako erreka azaleratzen da, bidegorria egin dute, industri-eremuak etxebizitzarako eraldatu dira eta ardatz horretan bizitza anitzeko eremu bat sortu da. Egun osoko bizitza bermatzen da inguru hartan. Hori bera egin daiteke N1 errepidearen egungo trazatuaren barruan. Saihesbide batek aukera asko emango dizkigu.
A.S.: Indarrean dagoen Plan Orokorrean jasota dagoen herri-eredua eskatzen ari gara, ez gehiago. Plan Orokorrari oniritzia Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zioten. Eta onuragarria da bertan jasotako saihesbidea, egungo araudira egokituz.
Bastero Kulturgunean, Udalak eskatu zion azterlanaren azterketa egin zuen Sestra enpresak. Biok parte hartu zenuten galde-erreguen atalean. Zuk, Andoni, aurkezpen hartan adierazi zenuen dagoeneko badagoela azterlan bat zeinean jaso den saihesbidea egitea posible dela.
A.E.: 2011ko Plan Orokorrak garai hartara egokitutako proposamena jaso zuen. Urteak pasa dira eta ingurumenari lotutako araudi ezberdinak indarrean sartu dira, geroz eta zorrotzagoak direnak. Aldunditik ari ziren esaten saihesbidea egitea ezinezkoa dela, Europatik datozen araudiak direla eta. Platafomatik txosten horren kopia eskatzen genuen baina ez zen inoiz gure eskuetara iristen. Ez dugu ezagutzen txosten hori.
Berriki, Sestra enpresak Andoaingo Udalarentzat egindako azterlanean, saihesbidea 2025ean gauzagarria dela jasota dauka. Aldundiaren konfiantzazko enpresa da, Lazoaren egitasmoa hari esleitu baitio. Sestrak dio gauzagarria dela. Guretzat, orduan, txosten hori oinarri sendoa izan zen lanean jarraitzeko.
Aurkezpen berean, Ana, hitza hartu zenuen. Andoain herriaren garaia iritsi zela adierazi zenuen. Aldundiak gure udalerrian inbertitzeko aldarrikapena egin zenuen.
A.S.: Gainerako udalerriekin alderatuta, desabantaila agerikoa da. Gizarte Zerbitzuetan premisa bat badago, eta adibide modura azaltzea gogoko dut. Premisa honako hauxe da: zaurgarritasun handiko egoeretan, babesa areagotu behar da. Logika hori aplikatzen da hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan eta hemen ere aplikatu beharko litzateke. Andoain bada trafiko handien pairatzen duen udalerria, Aldundiak berak ekimena hartu beharko luke babes neurriak hartzeko, guregan trafikoaren eragina handiagoa delako.
Andoaindik ikusi dugu ondoko udalerrietan trafikoa udalerrietatik urrundu dutela. Andoainen 2011tik zain gaude eta orain esaten zaigu ez dela posible, eta garestia dela. Gipuzkoako saihesbide guztiak gure zergekin ordaintzen dira. Ezezkoa esaten zaigun bitartean, paraleloki, Eider Mendoza Ahaldun Nagusia esaten ari da zeinen onuragarria izango den trafiko pisutsua Zarautzetik urruntzea. Irungo saihesbideaz ildo berean mintzatzen da. Zer gertatzen da? Ez al dugu andoaindarrok tratu bera merezi? Bigarren mailako biztanleak al gara? Trafiko gehien pairatzen dugun udalerrian bizi gara eta horregatik bakarrik Aldundiak gurekiko babes handiagoa erakutsi beharko luke.
Manifestazioa antolatu zenuten aurreko larunbatean. Zer nolako garrantzia du zuentzat parte hartzeak?
A.E.: 2023ko urritik Andoainen sortu zen errepide mahaiaren parte izan gara. Iritzi-bilketaren premia ikusi genuen baina guk hilabeteak daramagu auzoz auzo azalpenak ematen. Bi alternatibak aurkeztu eta saihesbidearen alde egiteko arrazoiak eman ditugu. Uda ostean, dinamika horren baitan, jendea iritzia ematera animatu dugu. Larunbateko manifestazioa garrantzi handikoa izan zen guretzat.
A.S.: Guri esan zaigu errepidearen eskuduntza Aldundiari dagokiola eta guk ez dugula ezer esaterik. Udalerri osoari eragiten dionez, zer esana badugula uste dugu. Hurrengo urteetarako Andoain herriak duen egitasmo garrantzitsuena da eta guk uste dugu herriak iritzia eman behar duela. Iritzia ematea garrantzi handikoa da.
Adituen hitzaldi-sorta antolatu du Udalak. Zein iritzi duzue?
A.E.: Lozanoren azalpenak gertukoak izan ziren, oso pedagokikoa izan zen. Nabari da irakaslea dela. Lertxundirena izan zen bigarren hitzaldia, eta hura ikerkuntzara dago bideratuta. Osasun alorraz aritu zen eta eman zituen datuak oso gordinak dira. Era berean, jabetu gara eskuartean darabilzkigun datuak eta Lertxundik emandakoak bat datozela. Osasun arloan, auzoz auzoko aurkezpenetan, ez genuen tremendista izan nahi, baina Lertxundiren ondorioak guk adierazitakoa berrestera datoz.
Iritzi-bilketaren gainean zein iritzi duzue?
A.E.: Parte-hartze handia espero dugu eta herrikideen posizionamendua argia izango delakoan gaude. Emaitzak eskuduntza duen erakundean behar besteko pisua izatea espero dugu eta erabakia hartu behar dutenean kontuan har dezatela Andoainen mugimendua badagoela.
Plataformaren zeregina zein izango da, azaroan hasita?
A.S.: Lanean jarraituko dugu, ez gara konformatuko.
A.E.: Alor guztiak lantzen ari gara. Hilabete batzuk atzera, Lazoari errekurtsoak aurkeztu genizkion. 250 bizilagun lortu genituen, bi eguneko epean, errekurtsoak aurkezteko. Aldundian kontziente izan dira Andoainen jende kopuru horrek pauso hori eman duela: udaletxera joan da idatzi bat aurkeztera. Iritzi-bilketarekin, berriro ere, lortu beharko litzateke kopuru majo batera iristera.
A.S.: Gizartea antolatuta egotea aberastasun handikoa da. Bestalde, partaidetzazko prozesua aintzat hartu beharko genuke. Demokrazian parte-hartzeak berekin dakar herritarrei iritzia galdetzea, bereziki, garrantzi handiko erabakietan. Errepidearen auziak udalerriaren garapena baldintzatuko du eta, nire ustez, klase politikoa izan beharko luke iritzia eskatzen lehen interesatua.