“Ez da benetako partaidetza izan, gezurrezko premisen gainean eraikitako dinamika baizik”

Aiurri 2025ko urr. 20a, 12:51

EAJ-PNVko Udal taldea, goizean, Batzokiaren kanpoaldean.

N1 eta A15 etorkizuneko egitasmoaren harira, EAJ-PNVk gogor kritikatu du Udal gobernuaren estrategia.

“Herritarrei irudi faltsua saldu zaie, zeinean bi proiektu egingarri zeudela eta aukeratzeko ahalmena zutela esanez”. Jeltzaleen iritziz, partaidetza-prozesu “guztia demagogia hutsa izan da, eta ez du inolako bermerik eduki." Horrez gain, EAJ-PNVk ohartarazi du Udalak “momentuz ez duela Foru Aldundiarekin lankidetza edo partaidetza errealik sustatu, nahiz eta arazoaren konponbidea bi erakundeen arteko elkarlanetik etorri beharko dela defendatzen duten”.

Imanol Goenaga bozeramaileak, udal taldeko beste bi zinegotzi jeltzaleak alboan zituela, gogor salatu du Udal gobernuak (EH Bilduren esku) erakutsitako jarrera: “larria iruditzen zaigu EHBildu gai honetan egiten ari dena. Denbora galtzen ari da, herritarrei espektatiba faltsuak sortu dizkie eta errepidearen arazoari konponbidea ematea alferrik luzatzen ari da. Alkateak eta EH Bilduk ez dakite gai honekin zer egin, eta beste behin ere, denbora irabazi nahian ari dira, andoaindarrei denbora galaraziz”.

Kritikak alkateari zuzenean bideratu dizkio EAJ-k. Antza, Diputazioak zarata eta kutsaduraren aurkako neurria modu integralean aztertzen ari da: “proiektua alkateak bere bulegoan dauka, baina oraindik ez du herritarrekin partekatu. Ez dira zintzo jokatzen ari, eta ezkutuan ari dira informazio garrantzitsua gordetzen”.

Era berean, Sestrak egindako azterlanaren ondorioa hizpide izan dute jeltzaleek: “Azterlanak dio lazoaren proiektua egokiagoa dela. Hori dela eta, Foru Aldundiaren apustua zuzena da, eta Udalak datu hori nahita ezkutatu egin du. Udalak berak ordaindutako lan baten ondorioak herritarrei erakutsi beharrean, gezurrezko kontakizun bat eraiki dute”.

[EAJ-PNVren adierazpena, bere osotasunean]

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!