Ikasleek adierazi dutenez, “egunero erabiltzen ditugun gailuak, zaborretara botatzekotan garen gailuak jasotzen ditugu bilketa gunean”.
Gaineratu dutenez, biltokiak badauka bigarren xedea: “Bilketa egiteaz gain, kontzientzia piztu nahi dugu hondakin elektronikoek ingurumenean eragiten dituzten kalte ekologikoen gainean”.
Zenbait adibide hagitz ilustragarriak zabaldu dituzte arazoaren dimentsioaz jabe gaitezen: ”telefono mugikor batek 600.000 litro ur kutsa ditzake zabortegira botatzen bada; mundu mailan hondakin horren %20 baino ez da behar bezala birziklatzen; Europan, pertsona bakoitzak 16 kg. hondakin elektroniko baino gehiago sortzen ditu urtean”.
Birziklatzearen garrantzia
Birziklatzeak daukan garrantzia azpimarratzen dute ikasleek: “Gailu elektronikoak behar bezala birziklatzen ez baditugu, lurra, airea eta ura kutsatzen dituzten substantzia toxikoak askatzen dituzte, ingurumenari eta gure osasunari eraginez. Berrerabili zitezkeen material baliotsuak ere galtzen dira, eta horrek naturatik baliabide gehiago ateratzera behartzen gaitu. Laburbilduz, modu jasangarrian ez birziklatzeak planeta kutsatzen du, baliabideak xahutzen ditu eta klima-aldaketa okertzen du”.
Ekonomia zirkularra
Ekonomia zirkularra zer den ere gogorarazi nahi izan dute: “baliabideen erabilera maximizatzea eta hondakinak murriztea bilatzen duen ekoizpen eta kontsumo eredua bat da. Ekoiztu, erabili eta bota beharrean, produktuak murriztea, berrerabiltzea, konpontzea eta birziklatzea sustatzen du, haien bizitza erabilgarria luzatzeko, eta hondakinak produktu berrietarako lehengai bihurtzea, horrela ingurumena babesten eta baliabideak aurrezten lagunduz”. Lehen "erabili eta bota" zen. Orain "erabili, berrerabili eta birziklatu" da".
Andoainen, bi biltoki
Andoainen dauden bi bilketa puntu gogorarazi dituzte ikasleek:
* Garbigune
(Leizotz poligonoa, astelehenetik ostiralera, 09:00 12:30/16:00-19:00).
Onartzen diren hondakinak: Etxetresna elektrikoak (handiak eta txikiak), gailu elektronikoak, altzariak, txatarra, etxeko hondakin arriskutsuak (bateriak, fluoreszenteak, tinta-kartutxoak, etab.).
* Birziklapen kabina
(Juan Batista Erro kalea, astelehenetik igandera, 24 ordu).
Honako hondakinak onartzen dira: etxeko hondakin arriskutsuak (pila, fluoreszenteak, tinta-kartutxoak, etab.), olioak, aerosolak, pinturak, garbiketa-produktuak eta disolbatzaileak, baita tamaina txikiko hainbat gauza ere (gailu elektrikoak, DVDak, VHSak, automobil-bateriak...).
Azkenik, garapen jasangarriaren aldeko mezu orokorra zabaldu nahi izan dute ikasleek: “Funtsezkoa da planeta zaintzeko, gizarte gisa aurrera egiten jarraitzen dugun bitartean. Gailu elektronikoak birziklatzeak materialak xahutzea saihesten laguntzen du eta xaborra kutsatzea eragozten du. Horrela, denok egiten dugu gure ekarpena etorkizun garbiago eta osasuntsuago bat lortzeko”.