Beñat Fernandez motoziklismoko munduko txapeldunaren jarraitzaile motozaleek eman zioten hasiera ekitaldiari, Goikoplazan iskanbila ederra sortu baitzuten motor-hotsekin.
Ane Fernandez Urkiko dantzariak ohorezko aurreskua egin zion laukoteari udaletxe atarian, eta udalbatzara igo ziren denak ondoren.
Jaione Alonsok eta Ainhoa Aiertzak aurkeztu zuten ekitaldia udalbatzan, eta honako hitzekin ekin zioten: “Gaur gure herriko lau kirolari gazteren ahalegina, talentua eta dedikazioa aitortu nahi ditugu. Andoaindarrak oso harro gaude lau gazte hauetaz, edozein kirol diziplinatan, lanarekin, grinarekin eta konstantziarekin, gorenera nola irits daitekeen erakutsi baidigute”.
Ondoren, udaleko lau alderdien ordezkariek oroigarri bana eman zizkieten lau kirolari gazteei.
Laudoriozko hitzak
Bi aurkezleek lau kirolari omenduen lorpenak zerrendatu, eta haienganako laudoriozko hitzak adierazi zituzten. Zenbait pasarte, honatx:
* Aimar Perez Lainez
Urrezko domina abuztuan Japonian egin den Kenpo Kai-ko Munduko Txapelketan.
“Andoainek harro ospatu ditu zure ahalegina, diziplina eta tatamian adierazten dituzun balioak. Zure konstantziak, zure apaltasunak eta zure indarrak eraman zaituzte Kenpo Kai mundua konkistatzera eta gure herriaren izena gorenean jartzera. Entrenamendu bakoitza, borrokaldi bakoitza, domina bakoitza eta zure kirol-espiritua, kirolari gazte guztiei inspiratzen dien pasioaren emaitza dira”.
* Maren Telletxea Paz
Donostiako Klub Nautikoko kideak, Europako kayak surf-eko txapeldunak Irlandan, Euskal Herriko selekzioaren ordezkari gisa, irailean.
“Zure pasioak, zure konstantziak eta konkistatu dituzun olatu guztiek honaino ekarri zaituzte. Andoain zutaz oso harro dago. Europako Txapelketan lortu duzun garaipena eredugarria da guztientzat: helburu handiak urratsez urrats lortzen direla erakusten digu, apaltasunez eta dedikazioarekin. Gaur, zure herriak beso zabalik hartzen zaitu. Omenaldi xume hau gure maitasun eta miresmenaren erakusle da. Olatu berri bakoitzak urrunago eraman zaitzala, erronka bakoitza hazten jarraitzeko bultzada izan dadila”.
* Daniel Fernandez Diaz
Donostiako Klub Nautikoko kideak, Europako kayak surf-eko txapeldunak Irlandan, Euskal Herriko selekzioaren ordezkari gisa, irailean.
“Andoainek zurekin ospatuko du gaur hainbeste urtetako ahaleginaren, entrenamenduen eta itsasorako grinaren fruitua. Europako lehen titulutik hasi eta Argentinako Munduko Txapelketan parte hartu arte, ematen duzun urrats bakoitza kayak surfarekiko duzun maitasunaren eta entregaren isla da. Omenaldi apal hau zure dedikazioaren eta guztiok inspiratzen gaituen kirol-espirituaren aitorpena da. Segi ametsetan, segi borrokan. Olatu bakoitza aukera berri bat da, erronka bakoitza beste urrats bat zure helburuetarantz”.
* Beñat Fernandez Etxeberria “Pelontxu”
Supersport 300eko munduko txapelduna, Munduko Superbike Txapelketan sartzeko baliagarria den kategoria, asteburu honetan bertan Xerezeko zirkuituan lortutakoa.
“17 urterekin euskal kirolaren zein munduko kirolaren historiako orri bat idatzi duzu... Lortu duzuna ez da garaikurrekin bakarrik neurtzen, ordezkatzen duzun guztia are garrantzitsuagoa baita: pasioa, ahalegina, apaltasuna, diziplina eta andoaindar guztiak inspiratzen dituen lehiatzeko modu bat”.
Zerutik, gutun bihotz-hukigarria
Beñat Fernandezi begira jarri, eta Jaione Alonsok “udaletxean jaso den gutun oso berezia”ren berri eman zuenean heldu zen ekitaldi-harrerako unerik bihozberana. 2019ko irailean hil zen Ana Etxeberria, motoziklistaren amaren irudimenezko mezua zen, eta irakurtzeari ekin zion Alonsok.
Hona Alonsoren hitzartzea:
“Beñat, zuri zuzenduta zegoen gutuna, eta irakurtzea gustatuko litzaiguke. Gutun bat da, laburra, baina uste dugu gustatuko zaizula... Honela dio: "Oraindik gogoratzen dut lehen motor hura, lau urte eskas zenituenean, eta gurpilen gainean zeunden hegan. Gogoan dut nire beldurra, eskuak estututa, eta nola nik beste aldera begiratzen nuen ezin nuelako ikusi asfaltoa. Zure aita, beti zure ondoan, bere burua azken hasperenera arte utzirik; eta zure arreba Ane, zure ezkutari leiala. "Amatxoren gauzatxo handiak". Dena begiztatu ahal izan dut, zure ahalegin bakoitza, erorketa bakoitza eta lurretik altxa eta aurrera segitzeko grina. Joan den asteburuan Jerezen gainetik hegan egin nuen, zuri lagunduz bihurgune bakoitzean, balaztatze bakoitzean. Niretzat, Beñat, beti izan zara -eta beti izango zara- nire Munduko txapelduna. Sinetsidazu. Egin borroka! Bilatu zure ametsa”! Eta aldi bakoitzean, gogoratu zerura begiratzea. Ni hor egongo naiz. Eta hemen beti bezala, zure ondoan... zuen ondoan”.