Azken hamarkadatan udalerriak izan duen garapena irudi bidez azaldu ostean, jasangarritasunaren printzipioa azalduz ekin zion hitzaldiari, adierak berak dituen hiru oinarrietan sakonduz: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.
“Eskari induzitua” ageri zen pantailan eta esaldiarekin batera hiru irudi. Lehenengoan errepidea, ibilgailuz betea. Bigarrenean, errail gehiago dituen errepidea, hori ere ibilgailuz betea. Eta, hirugarrenean, busa, oinezkoak eta zuhaitzak.
Teoria horren arabera, trafikoa arazoa bada, erantzuna ez da trafikoa areagotzea. Alegia, ezin direla errail gehiago jarri horiek ere bete egingo baitira. Uler zitekeen, hori esanda, “Lazoa”ren ondorioa hori izango dela: ibilgailuz beteriko errepideak, errailak erantsita ere, beterik jarraituko duela.
Soluzioa multimodalaren alde egiten da teoria horren arabera. Bestela esanda, bus geltokiak, bidegorriak eta inguru atseginagoa.
Andoainen dauden bi aukeren artean, Lazoa eta saihesbidea, “dilema” hitza erabili zuen behin baino gehiagotan. Deigarria zaio Gortazarri, bi egitasmoak aztertzen hasita, ibilgailuengan jarritako gehiegizko arreta: “Ez da beste ezertan pentsatu”.
Saihesbidea
Ibaiertza birplanteatzeko aukera ematen duela ondorioztatu zuen, alde batera utzi gabe inguruko mendialdean izango lukeen eragina.
Adituaren arabera, saihesbideak trafiko fluxu erosoak sortuko lituzke, gidarientzat segurtasun handiagoa eta zarata eta emisioak herrigunetik urrunduko litzateke. Aldiz, hori egiteko, aurrekontu handiagoa beharko litzateke eta lur mugimendu gehiago sortuko lirateke.
Lazoa
Lazoaren alde egitea, berriz, “status quo”-ari eustea dela ondorioztatzen duen. Hots, ibilgailuei trafikoa erraztu, oinezkoentzat duinak ez diren “irtenbide paliatiboak” eskaini eta inguruko mendialdean eragin txikiena sortuz.
Gortazarren ustean fluxu ezerosoak sortuko lituzke lazoak, trafikoaren ikuspegitik arrisku handiagoa eta hirigunean zarata eta emisio gehiago. Aldiz, merkeagoa da, bereziki, lur mugimendu gutxiago egin behar delako.
Gortazarrek hizpide izan zuen “dilema” horretan, hitzaldi osoa asko laburbilduta, saihesbidea irtenbide sozialena eta lazoarena ekonomikoena dela adierazi zuen.
Azpiegiturak beste modu batera pentsatzeko hausnarketa
A15a ireki dutenetik, Urumea aldeko fluxuak nabarmen handitu dira eta, aldiz, murriztu egin da Lasarte-Oriarantz. Azpiegiturak birpentsatzeko ariketa egin zuen orduan. Eta, zentzu horretan, 2012an Eusko Tren Oriaraino hurbiltzeko asmo hura gogora ekarri zuen.
Aurreko hitzaldietan gertatu bezala, hainbat herrikidek euren iritzia plazaratzeko aukera izan zuen.