[Postontzia]

Gutun irekia

Hainbat sinatzaile 2025ko urr. 23a, 10:31

Gutun irekia Andoaingo Udala osatzen duzuen 17 ordezkariei eta, zehazki, egun hauetan prentsa ohar bidez herritarron mugimendua nahastu eta geldiarazi nahi izan duzuen ordezkariei, argitara emandako ohar eta eskainitako prentsaurrekoak ezagutu ondoren:

Azpimarratu nahi dugu gutun honetan fija daitezen ohar horiek argitara eman dituzten alderdietako ordezkariak, badakigulako alderdi horietako hautesle askok ez dutela partekatzen Gipuzkoako Foru Aldundiak Andoaingo N1 eta A15 autobideen bidegurutzean trafiko pilaketak arintzeko duen proiektuaren defentsa irmoa.

Andoaingo Udala lau alderdi politiko ezberdinetako 17 ordezkarik osatzen duzue, eta herritarrek emandako botoen arabera lortu dituzue zuen eserlekuak. Udaleko ordezkari bihurtu zineten egunetik, zuen zeregina herritarren beharrak kudeatzea eta Andoainekin zerikusia duten gaiak eztabaidatu eta erabakitzen diren erakunde eta entitateetara eramatea delakoan gaude.

Baina badirudi ordezkaritza eta zeregin hori neurri batean ahaztuta geratu dela.Eta, horregatik, gogorarazi nahi dizuegu herritarrek botoa eman dizuetela haien bizitza baldintzatzen duten gaiak erabakitzen diren foro guztietan herritarren interesak defenda ditzazuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri nahi duen "Lazoa" proiektua defendatzen jarraitzeko erabakiak, ordea, justu kontrakoa erakusten du, andoaindar askoren ahotsa mespretxatzen dela eta interes alderdikoien mende jartzen zaretela.

Ezin duzue ahaztu herritar gehienek argi eta garbi arbuiatzen dugula gure udalerrian iraganeko hirigintza akatsak betikotzera doan proiektu hori. Garai bateko hirigintza akats horiek gertatu ziren  inguratzen gaituzten beste herri batzuetan ere, baina herri horien kasuan,  herritarren bizitza hobetzeko konpromiso handiagoa duten politikariei esker, errepideak eta trafikoa erdigunetik ateratzea lortu dute eta berdeguneak irabazi dituzte, zaratak eta kutsadura murriztu eta herri atseginagoak egin dituzte, herritarrek auzoen arteko lotura eta harremanak ahalbidetzen dituzten espazioak ere gauzatu dituzte.

Andoaingo herritarrok, boto-emaileak barne, jada ez dugu onartzen politikarien arteko kritiken bidez egia ezkutatzea, kritika horiek herritarren kezkaren arrazoia desbideratzen saiatzen baitira, eta zuen artean, politikarien artean,  egon daitekeen zatiketa herritarron artean ere zabaldu nahi izatea.  Baina herritarron artean ez da horrela, ezta gutxiagorik ere, Andoain atsegin eta abegikor batean bizitzea erabaki dugun herritarron artean behintzat. 

Gogorarazi nahi dizuegu udal jardunean zuen ardura nagusia dela aukeratu zaituzten komunitatea zerbitzatzea. Erabaki bakoitzak benetako ondorioak ditu gure etorkizunaren gainean, baita aukeratzen ditugun erakundeekiko konfiantzari buruz ere. Ez entzun bakarrik bulegoetatik presioa egiten dutenei, entzun Andoainen bizi garenoi, aukeratu eta bozkatzen zaituztegunoi,   urtero udal eta foru zergak zintzoki ordaintzen dugun herritarroi.

Gardentasuna, koherentzia eta herritarren agindua errespetatzea eskatzen dugu.

Ezin da aurrerapenaz hitz egin hiritarrei bizkarra ematen zaienean.

Jarrera zuzentzeko eta gure aldarriaren bozeramaileak izan zaitezten eskatzeko ordua da. Guri entzutea ez da ahultasuna, ezta amore ematea ere, ausardia politikoko ekintza bat da. Akatsean jarraitzea, ordea, traizioa izango da zuengan konfiantza izan zutenentzat.

Andoaingo etorkizunak ezin du epe laburreko interesengatik hipotekatuta jarraitu. Oraindik garaiz zaudete erakusteko zuen  leialtasuna Andoaingo bizilagunekin eta ez Aldundiaren interesekin. Izan ere, Aldundiak, Andoaingo herritarrei MESPRETXU handia erakusteaz gain, bere trafiko arazoa AZKAR, MERKE ETA TXAPUZA bat eginez  konpondu nahi du.

Errespetuz, baina irmo.

Sinatzaileak

Garbiñe Agirre Azpiazu
Beatriz Amondarain Ubarrechena
Maribi Hernandez Arana
Izaskun Iztueta Ansa
Ana Mendikute Garaialde
Karmele Otaegi Negredo
Maixabel Ormazabal Garcia
Maixabel Soler Etxaniz
Lourdes Ubillos Galarraga
Koro Ubillos Galarraga
Mertxe Zabala Huizi

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!