Inazio Aizpurua, txistu sustatzaile handia

Xabier Lasa 2025eko urriaren 27a

Andoaingo txistuaren historian aparteko merezimendua dauka irabazia Inazio Aizpurua Zuloaga txistulariak. 62 urtetan Udal Txistulari Bandako zuzendaria izan zen, eta joan zen irailaren 13an 50 urte bete ziren hil zela

Inazio Aizpurua 1892/01/16an jaio zen, eta umetatik piztu zitzaion musikarako zaletasuna, etxeko giroak baldintzatuta ziurrenik, izan ere, bere aita Juan Bautista Aizpurua Erauskin, Andoaingo Udal Txistularien Bandako zuzendaria baitzen. Berez, Udal Musika Bandan saxofoi-jole gisa sartu zen gaztetan, eta hemezortzi urte beteak zituela, 1910ean, Udal Txistularien Bandako zuzendaritzaren lekukoa hartu zion aitari. 

Lehen txistulariak, bigarren txistulariak eta atabalariak osatzen zuten Udal Txistulari Banda normalki, eta Inazio Aizpuruak, urte askotan, bere seme Manuel Aizpurua Arrieta (bigarren txistularia) eta anaia Jorge (atabalaria) izan zituen taldekide. Bandak ondo zehaztuta eduki ohi zuen zein ospakizunetan jo behar zuen, besteak beste, udal ekitaldietan, igande arratsaldetako dantzaldietan, eta, herriko jaie guztietan.    

Inazio Aizpuruak 60 hamarkada luzetan eutsi zion eginkizun horri, Udalaren soldatapean, harik eta 80 urterekin kito esan zuen arte. Hain zuzen, 1972ko apirilean, gutuna idatzi zion Jose Mari Garagorri alkateari, esanez 80 urte bete zituela eta jada ez zeukala “nahikoa indarra eta kemena, musika-karguak eskatzen dituen betebeharrei behar bezala erantzuteko”. Handik bi egunera, bere seme Manuel Aizpuruak Banda utzi zuen. Hurrengo sei-zazpi urtetan Andoainek ez zuen Udal Txistulari Banda ofizialik eduki.

Interpretatzailea ez ezik, konposatzailea

Tradiziozko piezak noiznahi eta nonahi jotzeaz gain, doinuak ere sortu izan zituen tarteka Aizpuruak. Horietako batzuen partiturak, Euskal Herriko Txistularien Elkartearen esku daude, eta bere web orrian eskura daitezke. Honakoak, hain zuzen: Andoain (biribilketa), Adarra (biribilketa), Ega (balsa), Oria (balsa), Arrieta (balsa), Zuloaga 1 (Kontradantza), Zuloaga 2 ( kontradantza), Zuloaga (Kontradantza), eta, Zuloaga 4 (kontradantza). Bere biloba Iñaki Aizpurua Gonzalez txistularia da horien armonizatzailea. Horietatik hiru, “Oria baltsa”, "Adarra” eta “Andoain”, biziberritu egin zituzten Olagain Txistulari Elkarteko kideek, aurtengo Santa Krutz jaien barruan, Santa Krutz elizan eman zuten kontzertuan, maiatzaren 1ean (hiru piezekin osatutako grabazioa, Aiurri web orrian ikusgai daude). 

 

Iñaki Aizpurua, Olagain Musika Eskolan. Aldamenean daukan erretratuan, 30eko hamarkadan Udal Txistulari Banda osatzen zuten Inazio Aizpurua, Angel Urrutia eta Jorge Aizpurua ageri dira. Aiurri

Dantzarien maisu

Inazio Aizpuruaren biografian ezin aipatu gabe utzi euskal dantzen transmisioan hartu zuen protagonismoa, frankismoko garai ilunetan batik bat. Dantza maisu ere izan baitzen urtetan. Ederki asko ezagutzen zituen euskal folkloreko doinu dantzagarrien koreografiak, eta prestutasun osoa erakutsi zien herriko ikastetxe eta taldeei, laguntza eske berarengana jo izan zutenean.

Euskal dantzen irakasle gisako atal horretan, zergatik ez, merezi du aipatzea Axeri Dantzarekin lotuta erakutsi zuen salbuespenezko jarrera. Jakina da Axeri Dantza Adunan eta Andoainen XX. mendeko 20. hamarkadan galdu zela, ezkutatu zela plazetatik. Handik ia mende erdira ekin zioten zenbaitek berreskuratze lanari. Horrela, 70eko hamarkadaren lehen urtetan, ez ziren gutxi izan berarengana laguntza eske jo zutenak: Juan Antonio Urbeltz dantza eragilea, Bixente Olano Lizar Makileko lehendakaria, Lizar Makileko dantzari eta txistulariak... Guztiei ere, erantzun berbera eman izan zien: dantza zakarra zela, dantzarien artean xextra itsusiak eragin izan zituela bere garaian eta horrexegatik ezkutatu zela, eta hobe zela ez plazaratzea berriz ere, alegia. Izatekotan ere, Axeri Dantza osatzen duten dantza edo jokoen doinuak jarriko zizkiela eskura, partiturak beraz. Jakina da, geroztik, partitura horiekin eta David Zabala eta Faustino Sorondo Adunako dantzari zaharren azalpenekin berrosatu ahal izan zutela Axeri Dantzaren koreografia guztia, eta Adunan 1975eko jaietan plazaratu zutela lehendabiziko aldiz.

Aizpuruatarren etenik gabeko soka

70eko hamarkadaren hasieran Axeri Dantzaren gaineko xehetasunen bila Inazio Aizpuruarengana jo zuenetako bat izan zen Iñaki Aizpurua Gonzalez, biloba.

XIX. eta XX. mendeetan barrena, hiru belaunalditan txistuaren tradizioaren sustatzaile izandako aizpuruatarrek, ondorengoa badutela esan daiteke. Gezurra badirudi ere, ez zuen jaso etxean, aitarekin edo aitonarekin, txistuarekiko grina. Hala dio berak, behintzat. “Aitak Udal Musika Bandan saxoa jotzen zuen eta gogoan daukat umetan nola joaten nintzen Goikoplazara, igande arratsaldetako dantzaldietara. Baina, musika eskolan, urte bakar batean jaso nuen solfeoko klasea, Luis Fraca zuzendariarekin”.

Euskal kulturara, berez, dantzen eskutik murgildu zela aitortzen du Aizpuruak. “Lizar Makilen dantzari bezala hasi nintzen 17 bat urterekin. Halako batean, Xabier Esnal bertako txistulariak, txistularien falta zegoela kexaka, txistuari heltzeko tentatu ninduen. Aizpurua abizena nuelako xaxatu ote ninduen, hori ez nuke ziurtatuko, baina kontua da kosk egin niola amuari”.

 

 

 

Andoaingo hainbat txistulari –Inazio Aizpurua buru dutela– ageri dira Alberto Agirre irakasle eta musikariari 1964/11/22an egin zioten omenaldian. Ezkerretik hasita: Inazio Aizpurua, Manuel Aizpurua, Jesus Mari Otamendi, Jose Mari Huizi, Jose Luis Etxeberria eta Jorge Aizpurua. (©Truchuelo, Andoain Udal Artxiboa).

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 679 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!