Gauerdian amaitu da Andoaingo Udalak abiatu zuen iritzi-bilketa eta, denera, 2.494 herritarrek parte hartu dute internet bidez eta Udalak egokitutako guneetan. Zentsu osoa 12.819koa dela aintzat hartuta, ia 5etik 1ek parte hartu du prozesuan. Iritzi-bilketa honetan 16 urtetik gorako eta Andoainen erroldaturiko herritarrek parte har zezaketen.
Zentsu osoa 12.819koa dela aintzat hartuta, ia 5etik 1ek parte hartu du prozesuan.
Emaitza, xehetuta
Galdera honako hau zen: “Zein ibilbide-alternatiba hautatzen duzu?”. Herritarren iritzia, zenbatuta, jarraian:
- A alternatiba (Saihesbidea) 2.339 iritzi.
- B alternatiba (Lazoa) 99 iritzi.
- Ez daukat nahikoa informazio erabakitzeko 56 iritzi.
Datu-bilketa, Kuorum erakundearen eskutik
"Etorkizuneko N-1 errepidearen trazatua Andoainen barrena" da Kuorum.org webgunearen lehen pantailan agertzen zen esaldia. Eta, hortik aurrera, lau pausotan, Andoainen erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonak iritzia emateko aukera izan dute.
Nola baloratu parte-hartzea?
Erreferentziazkoa izan daiteke, akaso, 2017ko azaroan Gure Esku Dago mugimenduak Andoainen deitu zuen herri-galdeketa. Erabakitze eskubidearen aldeko kontsulta hartan 2.034 boto jaso zituzten eta zentsua 12.306 pertsonakoa izan zen orduko hartan. Parte-hartzea, beraz, % 16,5ekoa izan zen. Kontsulta hark, bestalde, EH Bildu, EAJ-PNV eta Ahal Dugu Podemos alderdien babesa jaso zuen.
Iritzia ematearen garrantzia
Gaurkoan ez da baloraziorik edo adierazpenik egin, baina parte-hartzearen garrantzia azpimarratu izan du Andoni Alvarez Andoaingo alkateak. Urriko hitzaldi-sortan honakoa iragarri zuen, Bastero Kulturgunean: “Iritzi-bilketan nagusitzen den emaitzarekin bat egingo du Gobernu-taldeak”.
Emaitzen berri emateko agerraldia deitu du Andoaingo alkate Andoni Alvarezek, arratsaldeko 14:30ean hasita. Ez da bakarrik agertu, prozesuari bermea eman diezaioten lau herrikide ezagun izan baititu alboan: Carlos Sanz, Andoaingo alkatea ohia (1987-1991, Euskadiko Ezkerra); Bea Amondarain, irakaslea eta Caritaseko kidea; Luis Escudero, irakaslea eta FIARE banku etikoko kidea; eta Garazi Kamio, idazlea eta irakaslea.
Gobernu-taldearen agerraldia, datorren astean
Urriaren 28an, asteartearekin, Udal Gobernuak prozesuaren balorazioa eta hurrengo urratsen berri emango duela iragarri du.