Astelehenean hil zen 81 urte zituela. Haren gorpua Cantabrian ehortzi dute eta igande honetan aldeko hileta-elizkizuna egingo dute San Martin Tour elizan, goizeko 11:30ean hasita.
Juvenalen aurkako atentatua Eskola kalean, haren etxe azpian
Oscar Villafañe Merino andoaindarra ETAren biktima bikoitza da: 1978an, Domingo Merino Arevalo, bere aita, erail zuten Zarautzen. 1993an, berriz, Juvenal Villafañe García aitona Andoainen bertan. 2020an, Aiurriri emandako elkarrizketan, atentatu hura gogora ekarri zuen. Blanca izeba hizpide izan zuen kontaketa hartan: "Juvenal aitonak autoa etxetik ahalik eta gertuen uzteko ohitura zuen, bizi ginen Eskola kalean bertan. Egun hartan, Makaldegira jaitsi zen ibilgailua etxe ondora gerturatzera. Eta hantxe galdu zuen bizia aitonak. Hirugarren solairuan bizi ginen, eta kotxe azpian jarritako lehergailuaren eztandak lurrera bota ninduen. Lurrean nengoen, eta jaiki bezain pronto amonarengatik galdetu nuen. Baina erantzuten ez zuela ikusita, “ETAk aitona erail du” ideia etorri zitzaidan burura. Balkoira atera nintzen korrika, eta lehergailuaren eraginez txikituta ikusi nuen aitona bertatik. Etxean amona, ama, Carmen izeba eta laurok geunden. Blanca izeba Santanderren zegoen, eta autobusean bueltan zetorrela jaso zuen ezbeharraren albistea. Ez nintzen etxetik atera, antsietate atakea izan nuelako. Erizainak etorri ziren, eta lasaigarri modura bi pastilla eman zizkidaten".
Urteak aurrera joan ahala familia kideak hiltzen joan ziren eta familia osotik bakarrik Blanca eta haren iloba Oscar bizirik ziren.
Oscarrek, urteotan, elkarrizketa bakarra eman du haren bizipenak kontatu asmoz. Blancak, ordea, uko egin zion adierazpenak egiteari eta diskrezio handiz jokatu izan du. Era berean, memoriaren aldeko ekimenetan parte hartu izan zuen. Bereziki, Elkarbizik antolatutako ekitaldietan.

