ESCIVIko ikasleek Zarratak taldearekin eman diote hasiera “Ostiraletan Aittu!” musika zikloari

aiurri 2025ko urr. 25a, 10:23

Egiako punk-metal estiloko taldeak kontzertua eman zuen ESCIVI Zine eta Bideo eskolan, atzo. Bertako ikasleek zuzenean emititu zuten, eta jada ikusgai dago youtuben. Ikasleek euskal taldeekin elkarlanean garatzen duten egitasmoa da hauxe, eta bosgarren ikasturtea da aurtengoa.

(Argazki-sortako lehen argazkian, produkzioko ikasle-taldea ageri da, Izaro Luengo, Iraitz Calvillo, Leire Enrique eta Gorka Navarro, Maria Luisa Alberdi irakaslearekin. Bigarrenean, berriz, lan-talde osoa bilduta dago Zarratak taldearekin).

Eskolan goi mailako graduko ikasketak egiten ari diren ikasleen eskutik gauzatzen da proiektua. Funtsean, euskal musikaren panoraman oso ezagunak ez diren lau talde gazteekin elkarlanean jarduten dute: diskoa grabatu, kontzertua antolatu eta zuzenean zabaldu, merchandisinga, promozioko hain bat lan...

Hain zuzen, lau geletako ikasleek heldu diote egitasmoari (produkzioa, errealizazioa, irudia eta argiztapena, eta, soinua), beren irakasleak izanik, hurrenez hurren, Maria Luisa Alberdi, Pablo Garcia, Iñigo Carrasco eta Estanis Elortza.

Atzo izan zen lehenbiziko emanaldia, eta azaroaren 21ean, abenduaren 5ean, eta 2026ko urtarrilaren 9an izango dira gainerako hiruak.

Ikasleek Andoaingo eta inguruko musika zaleei gonbidapena luzatu diete, ESCIVI eskolak Ama Kandidan etorbidean daukan egoitzara ager daitezen hurrengo emanaldietan.

 

Punk-metal soinuak, Zarratak taldearekin

Egiako hirukoteak osatzen du taldea: Adur Santos (gitarra eta ahotsa), Peru Legaria (baxua eta ahotsa) eta Danel Ruiz de Gauna (bateria).

Kontzertu osoa, youtuben ikusgai jarri dute ikasleek atzodanik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!