Ekitaldian parte hartu dute Jose Luis Gracia Txeli-ren zenbait senitarteko, hots, Ianire alaba, Aitor Tolosa suia, Aitor Gracia biloba eta Oskar Gracia iloba.
Joxe Ramon Berrondok hartu du hitza Burdinaren izenean, eta 24 urtetako Burdina elkartearen ibilbidean zendu diren kideak hartu ditu gogoan, Jose Luis Graciaz gain; hain zuzen, Joxe Paulo Usandizaga, Benigno Gonçalves, Regino Otegi, Manu Izagirre eta Mikel Iradi. “Goxotasun unea izan ohi dugu Ortzaikako karobi hau piztea, urteari amaiera emateko. Gure lagun batzuk joan zaizkigu azken urtetan. Bakoitzak bere nortasuna utzi digu, eta horietako bakoitzaren oroitzapena gurekin mantenduko da. Azkenekoa, Txeli izan da gure artetik joaten. Txeli-k gure taldeari ematen zion gizatasuna eta irribarrea”.
Senitartekoei begira jarri, eta zera esan die Berrondok, “jakin ezazue hutsune handia utzi duela, baina sentitzen dugun mina zeozer leuntzeko asmotan, bere figura aintzatetsi nahi genuke berari eskainiz gaurko ekitaldi xume hauxe”.
Andoni Alvarez alkateak ere hartu du hitza, eta gogora ekarri du Burdinaren hasierako urtetan Txeli-rekin batera nola ibili ziren herritar asko, eskuz esku, ondare historikoaren aldeko lanketan. Aipamen hori egin eta ondoren, Jose Lujis Gracia ren alaba Ianireri Burdinaren zapi berezia jarri dio. Hark, eskerrak eman dizkie Ortzaikara azaldu diren guztiei.
Herriko kulturgileen presentzia
Herriko elkarteetako zenbait kidek, dantzari, bertsolari eta musikarik, ekitaldia edertu egin dute.
Horrela, Juan Godoy eta Ekaitz Ollo Maizorri Txalaparta Eskolako txalapartariek egin dute ekitaldirako lehen deialdia. Irune Bueno eta Leire Iturralde dantzariek ohorezko aurreskua dantzatu dute, Olagain Txistulari elkarteko Joxema Setienen txistuaren doinupean. Eta Ion Beloki Punttuka Bertso Eskolako kideak, berriz, bi bertso abestu ditu.
Hona bi bertsoak:
Gaur hemen bildu gera
karobia pizteko
jende asko etorri da
bateko besteko.
Gure artean zaude
gurekin hobeto,
hemen elkartu gera
Txeli oroitzeko (bis).
Umorea zabalduz
une bakoitzean,
hamaiketako ederrak
gure aldamenean.
Burdinako bidea
urteen joanean.
Beti egongo zara
gure bihotzean (bis).