Patxi Suescun, bertsoen buru-biltegi agorrezineko herritarra hil da

Aiurri 2025eko urriaren 27a

Patxi Suescun Jauregi (Andoain, 1927) hil zen atzo, 98 urterekin. Bertso-gordezale eta bertso kantari amorratua izaki, bertsogintzaren gainean makina bat liburu plazaratu izan zituen Aita Zabalaren informatzaile oparoenetakoa izan zen hamarkadetan.

Gaur, astelehenarekin, azken agurra egingo diote senitartekoek eta lagunek San Martin parrokian, arratsaldeko 18:30etik aurrera.

Ogibidez, makina-herramintako sektoreko Laborde lantegian lanean jardun zuen urtetan, eta trebea zenez lanbide horretan, bertako enkargatua izateaz aparte, La Salle ikastetxean lanbide hezkuntzako lehenbiziko irakasleetakoa izan zen, Laborden bertan lankide zuen Jesus Langararekin batera.

 

Bertsoen entzule fina, gordetzaile azkarra

Suescun Jauregi familia kalean bizi arren, amaren jaiotetxean, Karrikako Axindegi baserrian ordu asko egindakoa zen haurtzaroan, Patxi Suescun. Nonbait, hango ganbaran, Txirrinta, Otaño, Xenpelar, Urdarregi eta antzinako bertsolari horien bertso-liburuak pilatzen ziren bazter batean, eta horienak irakurtzen igarotzen zuen denbora asko bakardadean, jolasean baino gehiago. Halaxe aitortua izan zuen Joxinixio. Pizkunde zapuztua liburuan (Larramendi Bazkuna, 2016, 583-590 or.).

Harrezkero, aho zabalik uzten zuten bertsoen gose izaten zela adierazi izan zuen beti. Liburuak ez ezik, zuzeneko bertso saioek (izan oholtza gainean, izan tabernetan) entzuten orduak eta orduak igaro zitzaketen horietakoa izan zen, hortaz. Esan dezakegu, okerrik gabe, egun, Andoainen, Txirrita kantari aurrez aurre ikusteko pribilegioa edukirik bizi zen azken herritarra zela.

Buru azkarra zuen, biltegi joritsukoa, eta bi aldiz irakurtzea nahikoa izaten zuen bertso saila gogoan hartzeko. Ez hori bakarrik, entzundakoak ere aisa gorde ohi zituen berarentzat; etxera joan, eta han bat-batean errepikatzeko moduan.

 

Patxi Suescun, Unai Suescun bilobarekin eta Ion Beloki bertsolariarekin

 

Aita Zabalaren iturri agorrezina

Auspoa bildumarekin konta ezin ahala bertso-liburu argitaratu zituen Antonio Zabala jesuitaren kolaboratzailerik finenetakoa izan zen Patxi Suescun.

Gaztetatik hartu zuen fama, entzun edo irakurritakoen bertso-kantari gisa, eta 1950ean, 24 bat urte zituela, Labordeko lanpostura gerturatu zitzaion Zabala. Harrezkero, Suescun jario handiko iturria bilakatu zen idazlearentzat.

Era horretan, laguntzarako tratua egin zutenez geroztik, “Nundik dituzu ikasiak? Geio jakingo dittuzu!” omen zen Zabalaren ahotik gehien irten ohi zen esaldia, bien arteko egonaldi bakoitzeko.

Aspaldiko bertso munduko bertso eta pasadizo ugari jaso zituen Zabalak Suescunen oroimenetik, Pello Errota eta Txirritarenak batik-bat.

Hona Suescunen transmisio lanari esker Zabalak argitaratu zituen zenbait liburu: Pello Errotaren itzala (1965), Pello Errota: Pedro Elizegi Maiz (1992), Txirrita. Bizitza ta bat-bateko bertsoak (1962), Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi (1992).

Txirrita eta Pello Errota Andoainen, Santa Krutz jaietan behin bertsotan aritu zireneko pasadizoa kontatu izan zion Suescunek Zabalari behin, besteak beste.

Nonbait, Txirritak Olajauneko balkoitik eta Pello Errotak kaletik jardun zuten egun hartan.

Txirrita:

Nagon tokitik plazara,

Pello Errota or ikusita

ematen didan kolera!

Astiasutik etorri eta

arronkaz ari al zera?

Ni jeixten banaiz

laster joango aiz

etorri aizen bezela.

 

Pello Errota:

Izketa batez ez da probatzen

nolakua dan pertsonik,

dotore xamar asi aiz baño

ez dek egingo gauz onik;

santa sekulan ez det aditu

arronkosua naizenik,

balkoi ortatik ez da jetxiko

ni bialtzeko gizonik.

 

Andoaingo bikote ohien arteko sesioa, bertsotan

Andoaingo bi gazteek -Maria Marta eta Joxe Agustin-, bikote izandakoek, beren artean eduki zuten hizketa iskanbilatsua hamabi bertsotara eraman zuten halako batean, aspaldi-aspaldi. Suescunek Joxe Aldalur Axukalte zenari entzunak zizkion eta buruan ondo gordeta eduki zituen urtetan.

Harik eta 2009an, Zabalaren hileta elizkizunaren egunean, Pello Esnal idazleari negar-malkotan kantarazi zizkion arte. Honek El Diario Vasco egunkarian argitaratu zituen 2010eko urtarrilean.

Hona gugan heldu diren hamabi bertsoak, Patxi Suescunen altxor mugagabearen lagin gisa:

1

Parra eragin bear du asko

gure ezkontza galduak.

Nere andregai Martarengatik

dira orlako kontuak.

Asarreturik gabiltza orain

len adiskide izanduak.

Publikatutzen astera nua

jakin ditzala munduak.

 

2

Joxe Agustin, ez neri esan

gezurra auba betian.

Bestela lotsa emango dizut

asialdiren batian.

Konformatuta jarriyak giñan

ezkondutzeko ustian.

Engañatuta eduki nazu

juan daneko bi urtian.

 

3

Engañiyorik ez dizut egin,

sayatu bai alegiña.

Plazetan ere dantza pranko zu

zaude nerekin egiña.

Ustez kunplitzen sayatu arren,

arkitzen naiz utsegina.

Geiago ere egingo nizun

manifestatu baziña.

 

4

Egiya esan, dantza pranko zuk

eragin izan zidazun.

Bañan merienda beste neskatxai

eman izandu ziyozun.

Lotsaz ta penaz an baztarrian

antxe utzitzen niñuzun.

Ez biyotzetik, esan bezela,

maite izan baniñuzun.

 

5

Meriendatzen ikusi eta

artzen dituzu zeluak?

Orain penara biurtzen dira

leengo kontsueluak.

Zedorri ere eman dizkitzut

obiak erregaluak:

biatzetako erraztun eta

sedazko pañueluak.

 

6

Neri agindu ezkontzeko ta

sarri bestekin ibilli.

Maiz bixitatu izan dituzu

Benita eta Xixili.

Bañan txapela batekin ezin

biyen burua estali.

Zintzurra kendu bearko zayo

zenbait orlako mutilli.

 

7

Zu ikustera juan niñuzun

Asentziyo arratsian.

Egiko Joxe eta Manubel

antxe zeuzkatzun etxian.

Lotsaturikan igesi nuben modu ori ikastian.

Ara: nik ere izaten ditut

nere penak biyotzian.

 

8

Gure etxian asto bar eta

lau txerri zeuden saltzeko.

Egiko Joxe eta Manubel

juan ziran ayek artzeko.

Asko eskatu, gutxi eskeñi,

modurik ez konpontzeko.

Bixita ura etzan izandu

Martarekin ezkontzeko.

 

9

Maria Marta biar dubenak

ibilli biar du justu.

Asarretzeko gayan dagonak

askoren biarrik eztu.

Naiz ezkontzeko plantatu arren,

oso gutxikin zapuztu.

Ori neskazar gelditu bayetz,

egingo nuke apustu.

 

10

Joxe Agustin galai aundiya,

biar didazu aditu.

Neri agindu ezkontzeko ta

besterekin ibilitu.

Asarretzeko gayan dagonak

badu nai ainbat delitu.

Ni ez bañan zu mutilzartuta

biar zenduke gelditu.

 

11

Maria Marta, aditu zazu

nik zer esan nai nukian.

Biyok zartuta gelditu gabe

alkarganatu gaitian.

Ikaratzen naiz modu orretan

zer gertatu litekian.

Al bada biyok ezkondu eta

biziko gera pakian.

 

12

Joxe Agustin galai aundiya,

milla esker dizut zuri.

Ezkondu eta zure mendian

ez det nai inolaz jarri.

Lanik txarrena emango diyot

orla nere buruari. Ortik ibilli, Jainkuak lagun,

ez neregana etorri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!