Andoaingo Udal gobernuaren balorazioa, gizarteratze prozesuaren gainean

Aiurri 2025eko urriaren 28a

Gipuzkoako Foru Aldundiari iritzi-bilketaren emaitzaren berri ematea eta hurrengo urratsei buruz hitz egitea da Andoni Alvarez alkatea buru duen Gobernu-taldearen asmoa. Xedea, beraz, Felix Urkola Bide Azpiegituretako Sailburuarekin elkartzea da

Udal Gobernu-taldea astearte eguerdian agertu zen hedabideen aurrean, urrian antolatu duen gizarteratze-prozesuaz balorazioa egiteko. Auziaren erabakigunea Gipuzkoako Foru Aldundian dagoela jakitun izanik ere, Andoni Alvarez alkateak berretsi zuen bere egiten zuela herritarrek emandako iritzia. Eta orain zer? Hasteko eta behin, ostegun honetan auziak protagonismoa hartuko du plenoan. Izan ere, urriko udal batzarraldian, Errespetatu Andoain plataformak mozioa aurkeztuko du eta haren inguruan iritzia eman beharko dute. Bestalde, Bide Azpiegituretako sailarekin harremanetan jarriko da Andoaingo Udala, helburu bikoitzarekin: Aldundiari iritzi-bilketaren emaitzaren berri ematea eta hurrengo urratsei buruz hitz egitea.

Iragarpen hori egin aurretik, Andoni Alvarez Andoaingo alkateak gizarteratze-prozesuaren ibilbidea xehetasun osoz deskribatu zuen, urte hasieran iragarritako bide-orriarekin bete duela adieraziz: “Andoainen eta andoaindarren etorkizuna horrenbeste baldintzatzen duen egitasmoa, herritarrekin batera landu behar genuela iruditzen zitzaigun eta horrela egin genuen. Urte hasieran aurkeztu genuen bide-orria bete dugu”.

Aurtengo prozesuaren aurretik, legealdi hasieratik, hainbat bider deitu duten mahai sektoriala hizpide izan zuen ere. Bertan elkartu dira udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak, Sorabilla Auzo Elkartea eta Errespetatu Andoain plataforma. Mahai horretan jakitun ziren Espainiako Gobernutik iritsitako 476.000 eurorekin azterlan teknikoa eskatuko zuela Andoaingo Udalak.

Azterlan teknikoa

Egingarriak ziren alternatiba ezberdinen azterlana egitea eskatu zion udal erakundeak Sestra enpresari, eta alternatiba ezberdinen konparaketa landu eta udaberrian jendaurrean aurkeztu zen. Uda ostean iritsi zen hitzaldi-sorta eta iritzia emateko epealdia.

Balioan jarri zuen, hori guztia azaldu ostean, iritzi-bilketan bildutako emaitza: "2.494 herritarren parte-hartzea balioan jarri behar da. Ez gaude ohituta iritzia ematera, eta are gutxiago horrelako egitasmoetan. Eta, hala ere, zentsuaren ia %20ak eman du bere iritzia”. Iritzi horiek horrela banatu dira: %93k Saihesbidearen aldeko iritzia eman du; % 4ak, Lazoaren alde”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!