Arantxa Irigoras Balda zendu da

Aiurri 2025ko urr. 30a, 12:55

2019ko ekainean ateratako argazkia, San Juan jaietan.

Udal Musika Eskolako Bandako eta Gora Kaletxiki Bandako kidea eta Aita Larramendi ikastolako lehendakaria izan zen. Bart hil da 55 urte zituela eta haren aldeko hileta-elizkizuna ostiralean izango da, 19:30ean hasita, Santa Krutz elizan.

Pello Oriarekin ezkonduta, Aizpea eta Asierren ama zen. Familiak zabaldu duen heriotz-oharrean esaldi ederra ipini dute: "Hemendik aurrera bere irriak gidatzen jarrai gaitzala".

Andoainen erabat inplikatuta zegoen Arantxa Irigoras.

Aita Larramendi ikastola

Aita Larramendi ikastolako lehendakaria izan zen aurreko hamarkadan, eta bete-betean harrapatu zuen Kilometroak jaiaren antolaketak.

2012ko Kilometroak jaian, Aita Larramendi Ikastolako jolastokian.

2012ko Kilometroak jaiaren ekitaldi nagusian hitza hartu zuen.

2011ko urrian, Kilometroak jaiaren lekukoa jaso zutenean.

2011ko urrian, Kilometroak jaiaren lekukoa Andoaingo Udaletxera eraman zutenekoa.

2011ko urriko bideoan, Kilometroak-en aurkezpen-jaiaz hizketan ageri zen:

Udal Musika Eskolako Banda

2019ko ekainean ateratako argazkia, San Juan jaietan.

Klarinetea jo zuen Udal Musika Eskolako Bandan eta dozenaka emanaldi egin zituen taldeko partaide izan zen epealdian.

Mikel Emezabal Udal Musika Eskolako Bandako zuzendariaren aitortza:

"Arantxak utzi gaitu. Musika Banda bihotzean zeraman eta gure artean betiko geratuko da. 15 urte baino gehiago egin zituen, alai eta ilusioz beterik. Bere asmoetako bat zen berriro bandan jo ahal izatea, klarinetea alboan zuela. Musika izan zuen bidelagun, bere parterik garrantzitsuenetakoa bihurtu zelarik. Urte horietan guztietan harreman estua izan zuen bandakide guztiekin eta gaur goxo-goxo agurtzen dugu, abesti xuabe eta maitekorra belarrira xuxurlatuz. Agur Arantxa, betiko gurekin!".

Gora Kaletxiki Banda

Joxe Mari Oiartzabalek zuzentzen duen Gora Kaletxiki Bandako kidea izan zen.

2017ko Kaletxikiko jaiak.

2017ko jaietan Luxio Aranburu. Jesus Ibañez eta Gloritxu Igerategi omendu zituzten.

Joxerramon Berrondo, Gora Kaletxiki Bandako kidea:

"Hainbat urtetan taldeko kide izan zen, osasunak eragotzi ez zion bitartean. Batez ere gugana hurbildu zen kalean musika jotzea gogoko zuelako. Dultzaina jotzen ibili zen hainbat urtez eta urte haietan klarinetearekin hasi zen. Ahal zuen bitartean aritu zen gurekin oso gogoko zuelako txarangak zuen izaera herrikoia. Gogoan ditugu saioen osteko solasaldiak, izugarri gozatzen baitzituen une haiek. Eredugarria izan zen guretzat, zituen zailtasunak izanda ere, gogotsu, trebe eta prestutasun osoz aritu zelako jendaurrean".

Herri-ekimenak

Hainbat ekimenetan parte hartu zuen aktiboki. Irunberri elkartearen itxiera arriskuan izan zenean, adibidez.

Irunberri elkartearen aldeko ekimena, itxiera-arriskuan izan zenekoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!