“Elkarren ondoan, zaintzen duen herria” azoka, hilaren 8an Andoainen

Xabier Lasa 2025eko azaroaren 2a

Izen hori daraman azoka ospatuko da Plaza Morean, datorren azaroaren 8an. Zaintza Herritar Taldeak eta Andoaingo Udalak antolatu dute, elkarlanean.

Bultzatzaileek deialdia egin dute herriko era guztietako elkarteak eta norbanakoak bertara daitezen. Hona herritarrei luzatu dieten mezua: “Herrian zaintza eraldatzeko topalekua izango da azoka, eta zu bertan izatea ezinbestekoa da. Guztiontzako herria nahi dugulako, elkarren ondoan”.

Plaza Morean izango da Zaintza Azoka, azaroaren 8an. Goiz partean, hainbat ekitaldi burutuko dituzte bertan. Besteak beste, “Andoaingo zaintza aktiboen mapa” izeneko erakusketa jarriko dute bertan; gogoeta kolektiboa bultzatu nahi duten lau hitzaldi egingo dira, zaintzaren arloan ibilbidea egina daukaten Euskal Herriko zenbait eragileren eskutik; Andoaingo hainbat elkarte, eragile eta gizabanakoek adostutako manifestua irakurriko dute, eta, azkenik, hamaiketakoaz gozatuko dute bertaratzen diren guztiek.

Antolatzaileek azokaren helburuak zehaztu dituzte. “Orain arte herrian egindako lanaren erakusleiho” izan dadin nahi dute, batetik, eta bestetik, “aurrera begirako bide berriak zabaltzeko espazioa” bilakatu nahi dute ere. Erantsi dutenez, azokak aukera emango du “beste lurralde batzuetako esperientziak ezagutzeko eta andoaindarren arteko hausnarketa kolektiboa sustatzeko”.

“Andoain herri zaintzailea” izatea, xede

“Elkarren ondoan, zaintzen duen herria” leloa daraman azokaren atzean dagoen filosofia zein den adierazi dute: “Herri zaintzailea bihurtu nahi dugu Andoain. Elkarren ondoan egonez, elkar zainduz, herri biziagoa egiteko. Zaintzen gaituen ingurua dugulako gaude bizi; zaintzen gaituen ingururik ez bada, ez dago ongizaterik. Gure existentziaren oinarria dira zaintzak”.

Zaintzaren kontzeptuan sakontze aldera, azaldu dute zaintzak “batzuetan askatasunarekin, duintasunarekin eta eraldaketarekin lotu daitezkeen arren, beste batzuetan zapalkuntza eta diskriminazioaren eremu ere izan” daitezkeela. Abusu asko gertatzen diren eremua da zaintzena eta bidegabekeria horri aurre egiteko lanean jarraitu nahi dugu”.

Egindako lanaren erakusleiho

Orain arte herrian zenbait elkarteek eta ekimenek egindako lanaren erakusleiho izatea da azokaren helburuetako bat. Alde horretatik, Andoainen modu kolektiboan azken urteetan garatzen ari diren zenbait esperientzia agerian jarriko ditu azokak, erakusketarekin. Elkarte horietako zenbait aipatu dituzte espreski: hala nola, adineko jendea elkartzea, elkar ezagutzea eta elkarrekin jarduera fisiko osasungarri bat egitea helburu duen “Ibili Andoain”, herrian behar handiena dutenei laguntzen dien “Caritas Andoain”, haurtzaroarekiko tratu onaren aldeko merkatarien ekimena, edota, gerrek edo hondamendi naturalek eragindako biktimen alde jarduten duen "Andoain Solidario" herri-taldea.

Nolanahi ere, Zaintza Herritar Taldeko kideak zehaztu nahi izan dutenez, “bizitzan denak gara zaintzaileak eta zainduak une batean edo bestean, eta denoi dagokigu zaintza komunitarioa aktibatzea, herri bizigarriago bat lortze aldera”.

Alde horretatik, “Andoainen modu batera edo bestera herrigintzan jarduten duten kirol, kultur eta gizarte arloetako elkarte eta eragileei gutuna bidali zaie azokaren helburuen berri emanez, eta atxiki daitezen gonbidatuz”.

Gonbidapen-idatziaren bitartez interpelatu diren guzti horietako asko ari dira atxikitzen ekimenera azken asteetan, poliki-poliki. Era horretan, azokaren amaieran guzti horiek adostutako manifestuaren irakurketa egingo dute. Horiek denak mugitzen diren espazioan zaintzaren gainean hartzen dituzten konpromisoak jasoko ditu manifestuak. Azken batean, “nork bere eremuan egiten duena agertzeko eta balioan jartzeaz aparte, etorkizunean sor eta loratu daitezkeen proiektu komunitario berrietarako baldintzak aktibatu nahi dira”. 

Besteen eskarmentuak entzungai

Zaintzaren eremuarekin lotutako zenbait galdera zabaldu dituzte antoltzaileek, hala nola, “nola egin zaintza lanak duinagoak? Elkar zaintzeko zein eredu berri sor genitzake herrian? Zein beste esperientziek lagun gaitzakete horretan?”.

Hain zuzen, galdera horiei eta beste zenbaiti erantzuteko asmoz, iruditu zaie oso lagungarria gerta daitekeela jada Euskal Herriko zenbait lekuetan bide-urratzaile izan diren elkarteen eskarmentua eta ahotsa entzutea.

Alde horretatik, lau esperientzia desberdin beren bultzatzaileen ahotik entzuteko aukera emango du azaroaren 8koazokak. Hain zuzen ere, Matia Fundazioko ordezkari batek pertsona ardatz duen arreta-ereduaren lanketaz jardungo da; Pirinio Garaian eta Haranean Auzosare egitasmoa bultzatzen duen Zabalduz kooperatibako ordezkariak, zaintza publiko komunitarioa saretzeko gakoak azaduko ditu; Iruñerrian adinekoen elkarlaneko bizitokiak bultzatzen dituen Etxekide elkarteko ordezkaria bizitoki kooperatibo eta kolektiboen gainean mintzatuko da; eta azkenik, Hernaniko Maitelan kooperatibako kideak etxeko zaintzak duintze aldera egindako ibilbidea azalduko du.

Prozesu baten urrats kualitatiboa

Datorren azaroaren 8an ospatuko den Zaintza Azoka “azken urtetan zenbait eragilek abian jarri duten prozesu baten “inflexio-puntua” dela aitortu dute Zaintza Herritar Taldeko kideek. “Andoain zaintzaren arloan eraldatzeko gogoz abian jarritako hausnarketa-prozesuan kokatu behar da. Udaleko ordezkari politikoek eta teknikariek, zaintzaileek eta herriko hainbat eragileek eta norbanakoek hartu zuten parte prozesua, eta egungo egoera aztertu eta etorkizunerako norabidea elkarrekin zehaztu dute.

Prozesu horren emaitzetako bat izan zen Andoainen zaintzak demokratizatzeko ekintza plana atondu izana, hurrengo urtetan garatzeko.

Lan tresnatzat hartu behar da ekintza plan hori, eta bost erronka nagusi ditu zutabe: zaintza lanak demokratizatzeko egiturak sortu; herritarren sentsibilizazio eta trebakuntza; artikulazio komunitarioa; zaintzaileen bizi eta lan baldintzak hobetu; eta, arreta-eredua eta zerbitzua hobetu.

Funtsean, honako hausnarketa hau dago Zaintza Azoka sustatzen duen ekimenaren oinarrian: “Zaintzek pertsonen bizitzak sostengatzen dituzte eta ongizatea eskaintzen dute; herritarren existentziaren oinarri dira eta zaurgarritasunari aurre egiteko modu bakarra dira. Aldi berean, zaintzek harremanak eta komunitatea eraikitzen dituzte, gure gizartearen oinarria sendotuz”.

Egitaraua

10:30: Ongi etorria eta aurkezpena Plaza Morea Andreurdinarenan.

11:15–13:00: Erakusketa: “Andoaingo zaintza aktiboen mapa”.

Elkarrizketak. Gogoeta kolektiboa:

  • * Pertsona ardatz duen arreta eredurantz. Matia Fundazioa.
  • * Zaindu dezagun elkar. Zaintza publiko komunitarioak saretzeko gakoa. Auzosare egitasmoa (Zabalduz kooperatiba).
  • * Bizitoki kooperatibo eta kolektiboak. Etxekide.
  • * Etxeko zaintzak duindu ditzagun. Maitelan kooperatiba.

13:00. Manifestuaren irakurketa eta hamaiketakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!