"Andoaingo Euskera, bihotzetik kalera!" kanpainari ekin zion, iaz, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Ekitaldien artean sonatua izan zen gastronomia eta artisau azoka eta, aurten, bigarren edizioa antolatzeari ekin diote. Datorren azaroaren 15ean, larunbatarekin, izango da Andoaingo Goikoplazan, goizeko 11:00etan hasita. Bertan, Euskal Herriko hainbat ekoizlek postua jarriko dute, gastronomiaren alorrekoak zein artisautza langintza ezberdinetakoak. Azokaren barruan, aurten ere tonbola antolatuko da, ehunka opari banatuko dituena egun osoan. Askoren artean, otorduak, elikagaiak, eskapadak, kultur produktuak, sarrerak... Tonbolako sariak Andoaingo dendari eta merkatariek emanak dira, baita azokara bertaratuko diren ekoizleek eta, herritik kanpo, Gipuzkoako beste denda, enpresa eta erakunde batzuek ere.
Egoitza berria, Larramendi Bazkunaren xedea
Goikoplazan antolatzaileek ipiniko duten tonbolan herritarrek ematen duten laguntzaren helburua Andoaingo kalean egoitza berria erostea da. Xede horrekin eman zion Manuel Larramendi Kultur Bazkunak hasiera ekinaldiari, iazko udazkenean. Aurten ere ekitaldia antolatu zuen Kaimuturrean eta hamabost egun barru iritsiko da azokaren edizio berria.
Andoaingo Udalaren, Rural Kutxaren, Aiurriren eta Eusko Labelen babesarekin antolatu du azoka Larramendi Bazkunak. Egun horretan, gainera, euskara elkarteko boluntario ugarik egingo du lan. Haien guztien ekarpena ezinbestekoa da egitarau osoa antolatu ahal izateko.
