Boluntarioak behar dituzte elikagaien bilketa egiteko

Aiurri 2025eko azaroaren 3a

Iazko azaroan, bi boluntario elikagaik biltzen

“Dena ematen dugu” leloa daraman elikagaien bilketa egingo da datorren azaroaren 7-8an (ostiralarekin eta larunbatarekin) Gipuzkoa mailan, eta boluntarioak eskatu dituzte Andoainen kanpaina aurrera eraman ahal izateko.

Kanpainan boluntario gisa parte hartu nahi duten herritarrek bi modutara jarri daitezke harremanetan. Batetik, Andoaingo Caritasekin, 943116150 edo 608773737 telefonotara deituta. Bestetik, Andoain Solirario taldearekin, infoandoainsolidario@gmail.com korreora idatzita.

BM (Plazaola), Eroski (Ondarreta auzoa eta Zumea plaza), Aldi (Kale Nagusia) eta Super Amara saltokietan jarriko dira bilketa guneak.

Honako elikagaiak jasoko dira: lekale lehorrak, kontserbak, haurrentzako elikagaiak, gailetak, olioa, eta, pardelak.

 

Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren esku

Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren esku utziko dira herriko hainbat saltokietan biltzen diren elikagaiak.

Elkarteak adierazi duenez, “urtero-urtero Gipuzkoan milaka boluntario eta emaile mobilizatzen dituen hitzordu solidarioa da” udazkeneko bilketa handia. “Gure inguruko familia askorentzat, ezinezkoa da eguneroko dieta oso eta osasungarri bat izatea. Hori horrela, zure ekarpena ezinbesteko keinua da gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen jarraitzeko”.

Elkarteak gaineratu duenez, Elikagai Bilketa Handia ez da soilik Bankuaren apalak oinarrizko produktuekin betetzeko; “horretaz gainera, dirua ere biltzen du, elikagai fresko eta galkorrak urte osoan erosi ahal izateko. Dohaintza ekonomikoei esker, bermatu dezakegu lagundutako pertsonek eskura izango dituztela frutak, barazkiak edo arrautzak, kontuan izanik elikagai horiek ezin direla iritsi gauzatan emaniko dohaintza gisa eta funtsezkoak direla dieta orekatu bat izateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!