Prentsa-oharra helarazi diote hedabideei eta, bertan adierazitakoaren arabera, "Gipuzko Buru Batzarrak jorratutako gai nagusietako bat izan da A-15 eta N-I errepideen arteko lotura-proiektua. EAJ-PNVk babestu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako "konponbide integrala, arrazoizkoa eta bideragarria. Hori horrela, Euge Arrizabalagak berretsi du EAJ-PNVk Bazkardo inguruko lazo proiektuarekiko duen konpromiso irmoa. Proiektu horrek eragin nabarmena izango du Andoaingo biztanleen bizi-kalitatean, bereziki azpiegiturak gehien kaltetzen dituen eremuetan".
Oharrean adierazten denez, "proiektuaren idazketa teknikoa azken fasean dago, eta 2026ko foru aurrekontu-proiektuan jasota dagoen moduan, datorren urtean lizitaziora ateratzea aurreikusten da". Eskaera zehatza egin diote Udalari: "ez dadila gehiago ezkutatu, eta jokatu dezala arduraz, konponbideen bidea hautatuz”, adierazi du Arrizabalagak.
Arrizabalagak zuzenean interpelatu du Andoaingo Udala: “argitasunez eta ausardiaz jardun dezala, udalerriko eta andoaindar guztien onerako. Hau ez da Andoaingo auzia soilik, Gipuzkoa osorako ere lehentasunezko kontua da. Pasatzen uzten dugun egun bakoitza, arazoaren konponbiderako galtzen dugun egun bat da. Mahai gainean badago berme tekniko guztiak dituen konponbide bat, eta ezin dugu gehiago denbora galdu, ez udalerri gisa, ez lurralde gisa. Proposamen integral eta errealistekin baino ez dugu aurrera egingo. Ekintzarako unea da”, azpimarratu du.
Bide-azpiegiturez harago, GBBk zuzenean ezagutu ahal izan du Ziako errekaren inguruko esku-hartze hidraulikoen egoera. “EAJ-PNVtik Ziako errekak arazo izateari uztea nahi dugu, eta Andoainen familia-auzo berri bat sortzeko aukera bilakatzea”, adierazi du jeltzaleen lehendakariak.