Berdintasun politiken alde

Aiurri 2025eko azaroaren 10a

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a. Andoaingo Udalak berdintasun politikak garatzen eta sendotzen jarraitzea xede du eta, horrekin batera, egitarau oparoa aurkeztu du.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna hausnarketarako pizgarri da Andoainen. Aurten ere, data seinalatuaren harira, programazioa aurkeztu du Andoaingo Udalak. Kultura gizarte gai sakonetan sakontzeko baliabide bikaina da eta, hein batean, kultur jardueretan oinarritzen da programazioa. Bazterren utzi gabe, nola ez, aldarrikapenerako tartea. Azaroaren 25ean bertan mugimendu feministak hitzordua deitu du eta udal erakundeak bat egingo du ekimenarekin. Horrez gain, haur eta gazteen artean, murala eta txapa lantegia iragarri dituzte.  Adierazi bezala, kulturak pisua badu aurtengo egitarauan. Arrakasta handia izan duen "Querer" telesaila bi txandatan ikusteko aukera izango da Bastero Kulturgunean. Gainera, bi saioen ostean, solasaldia egingo dute. Azaroaren 25eko zikloari amaiera emateko "Amak" antzezlana iragarri dute. Komedia tarteko, amatasunari buruzko hausnarketa egiteko gonbita luzatu du Txalo konpainiak.

Haizea Barandiaran Berdintasun zinegotziaren adierazpena

Astelehen eguerdian, Berdintasun sailak programazioa aurkeztu zuen eta, bertan, sentsibilizazioaren premia azpimarratu zuen zinegotziak: "Hilabete honetan, beste behin ere, emakumeek egunerokoan eta bizitzaren arlo guztietan jasaten duten egiturazko desberdinkeria salatuko dugu. Arazoa egiturazkoa den heinean, irtenbideak ere integrala izan behar du. Horregatik, ezinbestekoa da berdintasun politikak garatzen eta sendotzen jarraitzea, arazoari muinetik heltzeko. Zentzu horretan, Andoaingo Udalak jarraituko du neurri horien aldarrikapena egiten. Hala ere, badakigu hori ez dela aski: politika publikoek oinarria jar dezaketen arren, behar-beharrezkoa da gizartearen erantzun sendoa, gizartearen babesik gabe, politika horiek ez baitira urrun iristen. Hortaz, herritarrei dei egiten diegu antolatu dugun programan parte hartzera, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka kontzientzia hartuz eta ekinez erantzunez".

Egitaraua

 

"Querer" telesaila

Azaroaren 11n eta 18an telesailak dituen 4 atalak proiektatuko dituzte. Zeresan handia eman du Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako lanak. Miren protagonistak etxea uzten du, 30 urte eta gero. Sexu-jazarpena leporatzen dio senarrari.

Murala eta txapa lantegia

Haur eta gazteen artera iritsiko da emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguneko programazioa: Agustin Leitza kalean dagoen Gazte Lokalean eta Belabi kalean dagoen Ludotekan tailerrak antolatu dituzte.

"Amak" antzezlana

Azaroaren 28an, antzezlana Bastero Kulturgunean. Eskola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeren arteko istorioa da. Bitartean, amatasunaren alde on eta txarrak ateratzen joango dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!