Txirrindulari profesionala bihurtu da Irati Aranguren, Laboral Kutxa Euskadik fitxatuta

Aiurri 2025eko azaroaren 7a

Txirrindularitza profesionalera egin du jauzi Irati Arangurenek: Laboral Kutxa taldearen maillotarekin arituko da datozen bi denboraldietan, azken hilabeteotan euskal taldean "stagiaire'" gisa lehiatzen egon ondoren. 

Bere lehen pausoak Angoaingo Txirrindularitza eskolan eman zituen hamazazpi urteko usurbildarrak eta bizikletara igo bezala, nagusitasun handiz aritu izan da errepidean. Besteak beste, aparteko markak lortu ditu 2025ean: Espainiako txapeldunorde izan zen junior kategorian (2024an bezala), Espainiako Kopa eta Euskaldun Txapelketa irabazi zituen, baita Emakumezko Gipuzkoako Itzulia eta Iruñeko Itzulia ere.

Nazioartean ere zer esana eman duen txirrindularia da Aranguren, izan ere, Espainiako selekzioarekin hartu zuen parte Ruandan jokaturiko Munduko Txapelketan bai eta Frantzian izandako Europako Txapelketetan ere. Horrez gain, bigarren izan zen Bizkaikoloreak proban eta seigarren Watersly Ladies Challengen. 

Laboral Kutxa Euskadik zabaldu duenez, ikasteko anbizioz dago usurbildarra, bi denboraldiei begira: "Maillota janzteak ilusio handia egiten dit". Lana eta sakrifizioa eskatuko dizkion erronka bada ere, bere txirrindularitza ibilbidean urrats bat aurrera egitea dela uste du Arangurenek: "Ane Santestebanek ondare ikaragarria utzi digu, baina egia da bide horretarako prest nagoela eta gogo handia dudala hurrengo bi urteetan nire talde berriarekin, Laboral Kutxa Euskadirekin, dena emateko".

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by LABORALKutxaTeam (@laboral_kutxa_team)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!