Forma geometrikoak eta beraien konbinazioez baliatuz egin daitezkeen jolas artistikoak dituzte oinarrian Ubagok Basteron zintzilikatu dituen hamabi artelanek. Bere estiloa definitzeko eskatuz gero, garbi dauka erantzuna Ubagok: arrazionalismo abstraktua eta neoplastizismoa oinarri dituen abangoardia modernoaren oinordeko sentitzen da Ubago. “Abstrakzio geometrikoa landu izan duten hainbat artistekin elkarrizketa modukoa islatzen da nire obretan; hala nola, Francois Morellet, Jorge Oteiza, Kasimir Malevich, Josep Albers edo Pablo Palezuelo”.
Baliabide infografikoak eta materialak (metakrilatoa, pvc-a, tratatu gabeko oihalak, edota, poetika hotza eta aldi berean xarmagarria sortzen duten paperak) erabiltzen ditu. Basteroko artelanak birziklatutako materialarekin egin ditu: “enpresetako zakarrontzietan topatu dudan materiala biziberritu eta bizi eman diedala esango nuke”.
Altxerri galeria
Arte-sortzaile ez ezik, beste arte-sortzaileen eta musikarien sustatzaile ere izan da Ubago hamarkadetan. Eginkizun horren adibiderik argiena da Altxerri galeria eta jazz-taberna, Donostian, Boulebardean. Izan ere, 1983an, arte-erakustoki eta musika-leku horren bultzatzailea izan zen Ramon Iriondo, Piedi Iriondo, Victor Suinaga, Pepita Zozaya eta Artemio Zarcorekin batera. Berak gidatu du galeriaren azken urtetan.
2024an, 40 urteko ibilbideari amaiera eman zioten Altxerri galeriari eta Jazz-tabernari. Geroztik, kudeatzaile berrien esku geratu da tokia.
Hain zuzen, Raquel Ubagok sortu zuen “jarraitua-etena. Geometria bat” izenburuko erakusketak eman zion amaiera Altxerriri, 2024ko urtarrilean. Esan beharra dago Basteron ipini duen artelan-sorta, “Geometria eta haren eraikuntza-jolasak” izenburua daramana, Altxerrian erakusgai jarritakoaren segidatzat hartu behar dela.
Ibilbide luze eta polifazetikoa
Raquel Ubago zaragozarra da jaiotzez. Arkitektoa izan da ogibidez, eta urtetan aurrera heldu dion ekoizpen plastikoari. Gipuzkoan lehenbiziko emakume bazkidea izan zen herrialdeko arkitektoen elkartean. Arkitektoa zuen aitarekin batera jardun zuen ogibide horretan, eta Eibar, Durango, Zumaia... aldean eraikin ugari diseinatutakoak dira elkarrekin.
Gipuzkoako hainbat artistek (Chillida, Zumeta, Oteiza, Sistiaga, Mendiburu...) osatu zuten Gaur kolektiboarekin harreman estua eduki zuen Ubagok, eta garai hartan suspertu zitzaion artearekiko betidanik ezkutuan eduki zuen grina.
Bere artelanetan, horien eraginaz gain, nabariak dira arkitekturaren irizpideak. Artelanak zergati bati erantzun behar dela uste du Ubagok, eta alde horretatik bat egiten du New Yorkeko Guggeheima diseinatu zuen Frank Lloyd Wright arkitektoaren filosofiarekin, alegia, “sekula ez da esan behar polita dela artea. Artegintzan, sormen-lanek izan behar dute zehatzak eta beharrezkoak”.
Arkitekturaren esparruan tradizio handia duen familiako kidea da Raquel Ubago, esan bezala.
Alde horretatik, aipatzeko modukoa da Manuel Martinez de Ubago bere aitona izan zela, Iruñean, Foruen Monumentua diseinatu zuen arkitektoa, Nafarroako Foru Aldundiak eskatuta. 1903an eraiki zuten monumentua, eta Nafarroari Foru Zaharretik gelditzen zitzaizkion eskubideen aldarrikapen eta defentsarako sinbolotzat hartu izan da geroztik.
Monumentuaren goialdean emakume baten eskultura ageri da. Buruan koroa daraman emakumeak Nafarroako armarriko kateak eusten ditu eskuineko eskuarekin, eta ezkerreko eskuarekin, berriz, Nafarroako eskubideak aldarrikatzen dituen pergaminoa altxatzen du. Monumentuaren azpian, berriz, hona zer dioen plakak, euskaraz: “Gu gaurko euskaldunok gure aitasoen illezkorren oroipenean, bildu gera emen legea gorde nai degula erakusteko”.
Aitonaren anaia, Jose Maria Martinez de Ubago ere arkitekto ospetsua izan zen, eta Donostiako alkatea 1935-1936 epealdian.



