Egia osoa oinarri izango duen memoria aldarrikatu zuten Memoria eguneko ekitaldian

aiurri 2025eko azaroaren 11

Bailarako Elkarbizi elkarteak Memoriaren egunari dagokion ekitaldia egin zuen Lopez de Lacalle parkean, atzo ilunabarrean. Mari Paz Artolazabalek lore eskaintza egin zuen Askatasuna eskulturaren aurrean, eta Mikel Arregi elkartekideak hitza hartu zuen.

“Memoria, gogoratzea, ez da iragana begiratzea soilik; orainari arreta jartzeko eta etorkizunarekin konprometitzeko modu bat da, eta horretarako, etorkizunarekin konprometitzeko, kontutan hartu beharrekoak beti biktimak izango dira, biktima guztiak, inongo jerarkiarik gabe” adierazi zuen Arregik.

“Egia, egia osoa “aldarrikatu zuen, eta ildo horretatik, zehaztu zuen egia oso hori “memoria historikoari dagokiona, abusu polizialei, torturari, indarkeria parapolizialari, ETAren indarkeriari, biktimekiko mespretxuari, mehatxuei, umezurtzei eta abarri dagokiona” behar duela izan.

“Justizia konpontzaile bat eraikitzen jarraitu beharra” dagoela ere erantsi zuen, “iraganari, zurikerian erori gabe begiratuko diona; justizia sortzaile eta eraikitzaile bat. Justizia eta erreparazioa norabide berdinean, bakea, maiuskulaz, finkatzeko”.

Padrales lehendakarik Gasteizen atzo goizez adierazitako bi ideia nabarmendu zituen Arregik Lopez de Lacalle parkean egindako ekitaldian. Lehenbizikoa, “ahaztea ez da aukera bat eta ez du balio orria pasatzea irakurri gabe”, eta bigarrena, “iraganetik ikasgai egokiak atera behar dira eta atea itxi intolerantziari eta indarkeriari”.

Eginkizun hori herritar guztien esku dagoela eta horretarako konpromisua hartu beharra dagoela esanez amaitu zuen hitzartzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!