Datorren astean ekingo diote Euskalduna MTren Mendi Asteari

Aiurri 2025eko azaroaren 13a

Mattin Iñiguezek Alpeetan parapentean egindako ibiliak kontatuko ditu Mendi Astean (Argazkia: Mattin Iñiguez)

Mattin Iñiguez korrikalari eta parapente-zalearen eta Santi Sierra eta Oskar Ruiz de Luzuriaga eskalatzaileen proiekzio-hitzaldiek, bazkideen urteko batzarrak eta mendi irteera gehi bazkariak osatuko dute 60. Mendi Astea, datorren astelehenean hasita.

Hona Euskalduna MTko zuzendaritzako kideek prestatu duten egitaraua:

  • Azaroaren 17a (astelehena). “Alpeak alderik alde oinez eta hegan”. Mattin Iñiguezen eskutik. Euskaldunaren egoitzan, 19:00etatik aurrera.
  • Azaroaren 18a (asteartea). “Palmirreko mendigunea-Lenin Gailurra”. Santi Sierra eta Oskar Ruiz de Luzuriaga mendizaleen eskutik. Euskaldunaren egoitzan, 19:00etatik aurrera.
  • Azaroaren 19a. Euskalduna MTko bazkideen urteko batzarra. Euskalduna MTren egoitzan, 19:00etan.
  • Azaroaren 23a (igandea). Mendi irteera eta urteko bazkaria. Andoain-Izaskun (Ibarra) irteera, eta ondoren, bazkaria Oianumen.

 

Alpeetan, baldintza gogorreko lehiaketan

Mattin Iñiguezek irekiko du 60. Mendi Astea. Zegamako kirolaria aurtengo Red Bull X-Alps lehiaketan izan diren 35 parte-hartzaileetako bat izan da, ekainean. Munduan jokatzen den lehiaketarik gogorrena dela diote kirola eta abentura batzen dituen Red Bull X-Apls lehiaketa. Alpeetako goi mendietan barrena (Frantzia, Italia, Suitza, Austria eta Alemania) jokatzen da, eta parte-hartzaileek parapentean eta lasterka edo oinez jardun behar dute; 1.283 km egin behar dituzte guztira, egunean 150 km. gutxi gorabehera.

Mattin Iñiguez parapentean, Euskal Selekzioarekin (Argazkia: Mattin Iñiguez)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!