Idazle gazteek Martin Ugalde ipuin lehiaketako sariak jaso dituzte

aiurri 2025eko azaroaren 13a

XXIX. Martin Ugalde Ipuin lehiaketako sari banaketa egin dute Basteron, iluntzean. Ainara Ugalde Martin Ugalderen alabaren, Andoni Alvarez alkatearen, Marta Lasa kultura zinegotziaren eta Yolanda Arrieta Euskal Idazleen Elkarteko ordezkariaren eskutik jaso dituzte sariak idazle gazteek. Argazki-sorta, hemen: 

Garazi Kamiok, Karlos Linazasorok, Juan Ramon Makusok eta Iñaxio Mujikak osatu dute epaimahaia, eta honako idazle eta idazlanak nabarmendu dituzte aurtengo lehiaketan:

1. Maila (10-11 urte)

  • Lehen saria: “Uholdean bidaiatzen”. Adei Zubeldia Bengoetxea.
    “Kontraposizio batekin hasten da, oso ondo. Adineko haur baten istorioa delako eta ipuin tradizionalaren egitura daukalako. Ipuin polita da, umore pixka batekin”.
  • Bigarren saria: “Gaizki egindako esperimentua”. Araitz Azpiroz Irulegi.
    “Trama ez ohikoa eta originala daukalako eta zientziari buruz hitz egiten duelako”.
  • Bi finalistak: “Dalme euskal mitologiaren pertsonaia berria” (Uxue Azkue Otazo), eta, “Txakurraren erresumaren apokalipsia” (Irai Jauregi Hidalgo).

 

2. maila (12-13 urte)

  • Lehen saria: “Ogiaren usaina”. Jon Azpiroz Agirre. “Gazako istorio batekin hasi eta Euskal Herrira etortzen delako. Ipuin hunkigarria eta oso ondo idatzia delako. Bukaera borobila dauka”.
  • Bigarren saria: “Ez amore eman”. Jare Lizarralde Astigarraga. “Hasiera oso ona dauka eta hiztegia oso aberatsa. Oso ondo dokumentatua dagoen istorio bat da”.

3. maila (14-15 urte)

  • Lehen saria: “Nire azken lerroak”. Irati Arozena. “Eguneroko bat kontatzen du, denboran aurrera eta atzera eramaten zaituelarik. Barne mundu bat kontatzen du. Kontakizunean emozio handia erabiltzen du”.
  • Bigarren saria: “Hutsunearen oihartzuna”. Irune Bueno Artetxe. “Beste geografia batera eramaten zaituen istorioa da. Drama eta itxaropena nahasten ditu”.
  • Finalista: “Etsipenean murgildurik” (Leire Patino Otermin).

4. maila (16-17 urte)

Saria bertan behera uztea erabaki dute epaimahaikideek, gutxienezko parte-hartzaile kopurua ez denez bermatu.

Musikagile eta antzerkigile gazteak

Katramila antzerki eskolako ikasleek irakurri dituzte saritutakoa ipuinen pasarteak. Horiek izan dira: Garazi Uria, June Lizarralde, Ariadne Diaz, Ander Vivar, Malen Torres, Ane Mata, Xune Ubeda, Nerea Calleja, Malen Irulegi, Ekhi Ugalde, Irune Amondarain, eta, Irati Hernandez eta Kristina Ropero irakasleen zuzendaritzapean.

Bestalde, Udal Musika Eskolako ikasleek ekitaldia girotu dute, zenbait abesti joz. Hain zuzen, bi talde aritu dira: Susana Cencillo irakasle duten Noa Mota, Garazi Ezama eta Mikel Etxegia akordeoi-joleak batetik, eta bestetik, Markel Alustiza, Xuhar Aranburu eta Iker Mariezkurrena ikasle perkusio-joleak eta bere irakasle Agustin Agirre.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!