Abuztuko azken astean Ubitarte zelaira hurbildu ginen Gorengo mailako Euskaldunako jokalarien adierazpenak biltzera. "Partidaz partida, maila berria ezagutu eta egokitu beharko dugu", zioen Mara Lasak. Naroa Corralek, berriz, "astez aste lan egin behar dugu eta ea igoera berria lortzen dugun". Bada, adierazpen horiek profezia bilakatu dira neurri handi batean betetzen ari direlako. Astez aste, partidaz partida, lidergotzan dira. Lehen itzulia amaitu berritan entrenatzailearen adierazpenak jaso nahi izan ditu Aiurri astekariak.
Iker Laskibar Gorengo mailako Euskaldunako entrenatzailea da.
Zazpi partidatan, sei garaipen. Abuztuan, espero zenuen hain hasiera ona izatea?
Talde berria dugu, iaztik hamar jokalari nituen kadete mailan aritutakoak eta beste batzuk gehiago berreskuratu ditugu. Andoaindarrak dira gehienak eta helburutzat banuen igoerako ligaxkan sartzea. Taldeari hori transmititu nion, hortik aurrera ziurtasunik ez dago, maila honetan aritzea berria baita jokalarientzat eta niretzat. Taldearen egokitzapena zein zen jakiterik ez zegoen, zalantzak baziren, baina lana egin dugu eta emaitzak lanaren ondorioz iritsi dira.
Kanpotik ikusita, maila berrira bikain egokitu zaretela dirudi.
Taldea gaztea da eta beldurra banuen, baina jokalariek duten futbol maila oso ondo ezagutzen dut eta badakit zer izatera iritsi gintezkeen.
Zein balio nabarmenduko zenituzke zure taldea definitzerakoan?
Talde bat gara, gehien-gehienak andoaindarrak, eta askok aspalditik elkar ezagutzen dute. Konpromisoa eskatu nien denboraldiaren hasieran eta, biak, talde izaera eta konpromisoa, lortu ditugu. Bi aldagai horiekin denboraldia uste baino errazagoa izatea espero dugu.
Erraza da jokalari hauen entrenatzailea izatea?
Oso erraza da. 17 jokalari datoz prestaketa-saioetara, gogotsu aritzen dira eta berdin die euria, haizea edo hotza izatea. Lehiatuz eta disfrutatuz ematen dute entrenamendua eta hori oso garrantzitsua da.
Alboan talde teknikoa duzu eta Euskaldunan joera dela dirudi: guraso diren herrikide ugari dago postu teknikoetan.
Maila honetan, staff tekniko helduagoa izan nahi nuen alboan. Gorengo mailan, adinean gora doaz, eskarmentua duen lantaldea alboan izateari garrantzia eman nahi nion. Xabi Azkuerekin eta Iban Muñozekin jarri nintzen harremanetan eta biek pozik hartu zuten erronka.
Euskaldunako komunitatea indartzeko baliagarria da, beraz, klubeko hainbat jokalariren gurasoak prestatzaile lanetan aritzea?
Garrantzitsua da kluba ezagutzea. Kanpotik etor daitekeen jendeak klubaren ezagutza har dezake, baina bertakoek klubaren balioak ezagutzen dituzte eta hori abantaila da.
"Bigarren itzulian partida bakoitza oso gogorra izango da, inork ez digu ezer oparituko"
Zuen taldera itzulita, zer nolako bigarren itzulia espero duzu?
Borrokatua izango da. Lehen itzulian emaitza txukunak lortu ditugu. Hobetzeko gauza asko ditugu, baina emaitzak onak izan dira. Gure multzoan, halere, ezusteko handiak izan dira partiden emaitzei erreparatuta eta horrek esan nahi du multzoa oso parekatuta dagoela. Partida bakoitza oso gogorra izango da, inork ez digu ezer oparituko. Borrokatu beharko dugu.
Lehen geldialdia Urnietan duzue. Urnietak badu eskarmentua ligan eta lehen jardunaldian irabazi zenieten.
Urnietaren hasiera, emaitzei dagokionez, ez zen onena izan. Baina, jokoari dagokionez, maila onari eutsi eta emaitza onak lortu dituzte. Azken jardunaldian bigarren postuan zegoen INtxaurdi garaitu zuten eta hori bada guretzat neurgailua: ez dugu lehen partidako emaitza berdina lortuko, ezta gutxiago ere. Partida zaila aurreikusten dut.
90 minutu irauten duen partidan zer da zure taldeko jokalarientzat zailena?
Partidak luzeak egiten zaizkigu. Fisikoki mailara egokitzen saiatzen gara partidaren amaiera aldera ondo iristeko.
"Borrokan, lehian eta hamazazpi jokalari zelaian entrenatzen. Horrela aurreikusten dut etorkizuna"
Taldea non egotea nahiko zenuke hemendik 3-4 hilabeteetara?
Borrokan, lehian eta hamazazpi jokalari zelaian entrenatzen. Horrela aurreikusten dut etorkizuna. Helburua hori da. Igoerarekin amestea oso polita da, baina lan egin behar da. Eta lana asteko prestaketa-saioetan egiten da.
Euskaldunak badu plana emakumezkoen futbolean. Egun, gazte batek ibilbide osoa egin dezake klubean.
Emakumezkoen taldeei jarraikortasuna ematea kosta egin zen iraganean eta futbol-eskola martxan jarri denetik eredu berria txertatzen hasi zen klubean. Senior taldea osatzea lortu dugu eta hori poztasun handia da. Batez ere, garapena bertatik bertara ikusi dudalako. Jende asko hurbiltzen ari da eta pozgarria da hainbeste neska prestaketa-saioetan ikustea.
Partida: Azaroak 15, larunbata
18:00 Urnieta - Euskalduna
Urnietako futbol zelaia
