Udal ordezkari politikoek eta ikastetxetako ordezkariek ere hartu zuten parte topaketan.
32 familia boluntariok eman dute izena programaren 8. edizioan esan bezala, baina antolatzaileak ziur dira gehiago batuko direla ikasturtean zehar.
Azaroaren 13an egin zuten topaketan, bikoteen aurkezpenez gain, kulturarteko bizikidetza sustatzeko eta indartzeko asmoz diseinatutako programaren nondik norakoa azaldu zuten.
Ongi Etorri Eskola ekimeneko antolatzaileen esanetan, “topaketaren ardatz nagusia, familien arteko lehen kontaktua edo ezagutza izan zen eta amaieran egin zen meriendak horretarako aukera eman zien”.
Harreman horien helburua zen den zehaztu dute antolatzaileek: “alde batetik, eskolara eta Andoaingo udalerrira iritsi berri diren familiei harrera egoki bat egitea da; tokiko familia boluntarioen bidez, egokitzapen-aldia errazagoa izan dadin akonpainamendu bat egitea, eta euskarara eta euskal kulturara iritsi berri diren familiak hurbiltzea, eskolako eta udalerriko parte senti daitezen. Helburu nagusia harreman eta bizikidetza ereduak sortzea da, estereotipoak eta aurreiritziak apurtzeko eta gure seme-alabei kulturarteko harremanekin guztiok irabazten dugula erakusteko”.
Familia Laguna programa Ongi Etorri Eskolara ekimenak bultzatzen du, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako proiektuetako bat da.