Euskalduna MTren Mendi Astearen erdira iritsi dira

Aiurri 2025eko azaroaren 19a

Oskar Ruiz de Luzuriaga eta Santi Sierra mendigoizale arabarren “Palmir mendigunea-Lenin Gailurra” proiekzio-hitzaldiarekin gozatzeko aukera eduki zuten mendizaleek atzo, eta, gaur berriz, Euskaldunako bazkideek urteko batzarra dute. Igandean emango diote amaiera Mendi Asteari, Izaskunerako mendi-irteerarekin eta urteko bazkariarekin.

Andoain-Izaskun (Ibarra) irteera izango da igandekoa, eta ondoren, bazkaria Oianumen (Urnieta). 40 eurotan jarri dute bazkaria; salneurri horri 10 euro erantsi beharko zaizkio, mendi irteeraren helmugatik jatetxera joateko busa erabiliz gero.

Osteguna izango da azken eguna izena emateko.

 

Lenin gailurrerako igoera

Mattin Iñiguez parapente-zalearen eskutik “Alpeak alderik alde oinez eta hegan” izenburuko emanaldiak eman zion hasiera Mendi Asteari astelehenean, Euskalduna MTk Kale Nagusian daukan egoitzan.

Atzo, berriz, Santi Sierra eta Oskar Ruiz de Luzuriaga mendigoizale arabarrak gonbidatu zituzten “Palmirreko mendigunea-Lenin Gailurra” proiekzio-hitzaldia eman zezaten.

Tajikistan eta Kirgizistan herrialdeen arteko mugan kokatzen da 7.1134 metroko garaiera duen Lenin tontorra, eta hara egindako igoera nekagarria bezain gozagarria izan zuten hizpide Sierrak eta Ruiz de Luzuriagak.

Teknikoki ez da zailtasun handiko tontorra, baina muturreko klima kontinentalak, baldintza meteorologiko aldakorrekin eta haize bortitzak direla-eta, erronka handiagoa bihurtzen da maiz bere igoera, Sierra eta Ruiz de Luzuriaga mendigoizaleek azaldu zutenez.

Asiako sistema menditsuen (Hindukush, Karakorum, Himalaya eta Kun Lun) elkargune aparta da Pamir mendikatea, eta Lenin da bere tontorrik garaienetakoa eta ezagunenetakoa.

Deigarria da aipatu tontorrak historian barrena ezagutu dituen hiru izenen historia, Himalayako makina bat mendi garaien antzera. Hain zuzen, 1871ean, Fedchenko esploratzaile errusiarrak Kaufman izenez bataiatu zuen, garai hartan Errusiar inperioaren mende zegoen Turkestaneko gobernaria zen Konstantin Von Kaufmanen omenez. 1928an Errusiako, Alemaniako eta Austriako mendizaleen nazioarteko espedizio batek lehenbiziko aldiz zapaldu zuen bere mendi-gaina, eta orduan, Lenin gailurra izendatzea erabaki zuten, Vladimir Lenin iraultzaile errusiarraren eta Sobietar Batasuneko lehen buruzagiaren omenez.

Azkenik, 2006an, Tajikistan herrialdeak Abu Ali Ibn Sina izenarekin berrizendatu zuen. Ohartarazi behar da Avicena (Abu Ali Ibn Sina) X. mendeko (980-1.037) mediku filosofo eta pentsalari arabiarra izan zela; medikuntzaren eta beste diziplina askoren ezagutza ia entziklopedikoaz hornitutako pertsona eruditua izan zen. Nonahai ere, aipatzekoa ere bada Kirgizistan herrialdeak Lenin izenari eusten diola.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!