Urteko bazkideen batzarra egin zuen Euskalduna Mendigoizale Taldeak, Mendi Astearen barnean, joan den asteazkenean. 2025. urtearen balantze baikorra egin zuten, aurreikusita eta antolatuta zeuzkaten ekintza guztiak aurrera eraman ahal izan zituztelako, eta batik bat, mendizaleengandik harrera ezin hobea izan dutelako.
Ia 50.000 mila euro inguruko aurrekontuari eta 500etik gorako bazkide kopuruari eusten dio elkarteak azken urtetan.
Honakoek osatuko dute zuzendaritza hurrengo bi urteko epean, gutxienik: Joxe Mari Fernandez (lehendakaria), Joxetxo Oiartzun, Xabier Oiartzun, Fede Forkada, Jabi Gozalo, eta, Arantza Mendizabal.
Astezkenean egin zuten bazkideen urteko batzarra.
Hamabostero, ekitaldiren bat
Bestalde, 2026. urteko ekitaldien eta irteerak biltzen dituen liburuxka banatu zuten (interesa duenak Kale Nagusiko egoitzan jaso dezake ale bat).
Ohi denez, hamabostero, Euskal Herriko mendi-gain eta paraje naturaletan egingo dituzte txango eta zeharkaldiak, egun batekoak zein zenbait egunetakoak, antolatu dituzte. Egun bakarrekoen atalean, aipatzekoak dira, Azanzako haitzak, Larraitz-Auza Gaztelu-Lizarrusti, Untzue Haitza, Besaide, Beriain, Elgea, Udalaitz, Elgea, edota, Munazorrotz. Bi egun edo gehiagoko iraupena duten irteeretan, berriz, azpimarratzekoak dira Gatako mendizerra (Aste Santua), Pirinioetako Vielha-Mulieres (abuztua), edota, Neouvielle-Bastan tontorra (iraila).
Jakina, aspaldiko urtetan egin duten eran, 2026an ere eutsiko die apirileko ibilaldi neurtuari nahiz azaroko Mendi Asteari.
Hain zuzen, aurtengo Mendi Astean murgilduta dabiltza Euskalduna MTko mendizaleak, eta datorren iganderako utzi dituzte geratzen zaizkien azken bi ekitaldiak: Andoain-Izaskun (Ibarra) irteera, eta bazkaria Oianumen (Urnieta). 40 eurotan jarri dute bazkaria; salneurri horri 10 euro erantsi beharko zaizkio, mendi irteeraren helmugatik jatetxera joateko busa erabiliz gero.
Gaur, ostegunarekin, jarri dute azken eguna izena emateko.
Mertxe Uzinen eta Amaia Elgarrestaren agurra
Urteko batzarraren amaieran, Mertxe Uzin eta Amaia Elgarrestak zuzendaritza batzordean orian arte beregain arte hartu izan dituzten ardurak utzi egingo dituztela iragarri zuten. Batzordekide guztiek txalo artean agurtu zituzten, azken urtetan Euskaldunari egin dioten ekarpena guztiz baliagarria izan denaren seinale, zalantzarik gabe.
Batzarraren ostean, bazkideentzat prestatu zen zizka-mizkaren garaian, Uzinek eta Elgarrestak tartea hartu zuten Aiurriri adierazpenak egiteko. Eskertuta agertu ziren jaso zituzten txaloengatik, Uzinek aitortu zuenez. “Malkoa erraz irteten zaizkion sentikor horietakoa naiz, baina saiatu naiz emozioei eusten. Egia esan, Amaia eta biok ohartzen gara benetakoak izan direla txaloak, izan ere, Euskaldunako mendizaleen kolektiboa familia baten antzera funtzionatzen baitugu. Nork bere bizitza eta bizimodua dauka, baina gero, mendizaletasunak batzen gaitu".
Dena den, Uzinek zehaztu nahi izan zuen Amaia Elgarrestak merezi dituela txalo gehienak, “diru-zain gisa, ezin finago eraman du elkartearen kontabilitatea, ez dut ezagutzen halako langile zintzorik. Sumatuko dute bere falta!”.
Atsekabeturik utzi behar izan dute zuzendaritza batzordea biek ere, azken urtetan oso gustura jardun baitute beste kideekin batera. Osasun kontuak bultzatu diete halako erabakia hartzera. Uzinek azaldu du lehenbizi, zergatia: “Tumore bat gainditu dut azken urtetan, baina hala ere, 78 urte ditut eta urtebete daramat errenka. Ez dakizu zenbateko amorrua ematen didan mendi-txangoetan ezin parte-hartu ahal izateagatik! Ez alferrik senarra eta biok Euskaldunako mendizale guztien aitona-amonak sentitu gara azken urtetan, eta lagun-giro politean ibili izan gara. Orain, berriz, datorkiguna onartu behar, zer erremedio! Dena dela, Euskaldunak antolatzen dituen ekitaldietan, ahal dudan moduan kolaboratzen jarraituko dut, hori seguru eduki!”.
Amaia Elgarrestak ez dauka berak nahi lukeen moduan ikusmena, ordenagailu aurrean lan egitea eragozten dio horrek, eta horrexegatik utzi behar izan du zuzendaritza. “Pena galanta ematen dit diru-zaintzako lanak utzi beharrak Euskaldunan, familia-giro politean funtzionatu izan dugulako elkartu ginen aurreneko egunetik hasita. Gainera, esan behar da esker-oneko jendea topatu dudala Euskaldunaren inguruan dabiltzan mendizaleen artean; ikusten dute seriotasunez jokatzen duela elkarteak, eta badakite baloratzen hori. Horrek denak animatu izan nau boluntario gisa parte-hartzeko elkartearen egunerokoan”.
Atzera begira jarri, eta “egin gabekoen” atalarengatik galdetuz gero, mendizale gazteak ez erakarri izana izan liteke horietako bat, nagusiena beharbada. Biek ere aitortzen dute antzeko gabeziarekin dabiltzala mendi-elkarte gehienak, eta ez daukala irtenbide errazik. Elgarrestaren hitzetan, “ulergarria da gaztea zarenean, edo behin familia osatzen hasi eta haurrak dituzunean zure kasa edo lagun giroan ibili nahi izatea, elkarte antolatu batek jartzen dizkizun arauen gainetik. Alde horretatik, normala iruditzen zait mugimendu-askatasun hori nahi izatea, eta gurea bezalako elkarteetan hori mugatua daukazun sentsazioa izatea. Errazagoa izaten da urtetan aurrera, beste bizi-egoera edukitzea eta orduan bai, beste ikuspegi batekin ikustea mendi-elkarte bat”.
