Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien atarian gaude, Marta. Zer nolako ekitaldia aurrikusten duzu?
Saio dotorea antolatzen du Udaleko Euskara Sailak, sariketaz harago doana. Batetik, bistakoa da kazetaritza eta komunikazio sari bana emango ditugula: finalisten berri eman dugu eta, unean bertan, saridunen izenen berri emango dugu Basteroko auditorioan. Finalistentzat ere ezustekoa izango da, beraz. Bestetik, epaimahaiak Jakoba Errekondoren ibilbidea saritzea erabaki du. Bertara hurbilduko da Errekondo, Ohorezko Mugarria jasotzera.
Beraz, euskarazko kazetaritza ardatz duen gala izango da. Saioa borobiltzeko, gainera, Amaia Azkuek eta Joxan Goikoetxeak hainbat pieza interpretatuko dituzte zuzenean.
Datorren asteazkenean (azaroak 26) izango da sari-banaketa ekitaldia eta bertara hurbiltzea gonbidatuta daude andoaindar guztiak.
Andoaindarrek ere, beraz, tokia dute ekitaldian.
Halaxe da. Finalistak eta haien inguruko senideak eta lagunak hurbilduko zaizkigu, baita euskarazko kazetaritza sektoreko hainbat kide ere. Ekitaldia irekia da eta bertan tokia dute gala zuzenean ikusteko gogoa izan dezaketen andoaindar guztiek. Esan gabe doakoa dela sarrera eta, aurreko urteetan egin bezala, galaren pareko ekitaldia da.
Epaimahaiaren erabakian parte hartu duzu, hainbat bileretan. Zer nolako dimentsioa du sariketak?
Euskal Herri osoko kazetaritza garaikidearen jarraipena egiten dugu sariketaren bitartez. Proposamen ugari ditugu eskuartean eta hainbat alorretan euskarazko kazetaritza bide berritzailea urratzen ari da, hala nola, podcastak edo datu-kazetaritza. Goi mailako epaimahaia dugu eta ziur naiz erabakia hartzen lanak izango dituztela. Hori, era berean, ona da hautagaien eta finalisten maila bikaina delako. Datorren asteazkenean argituko da dena.