Andoaingo Asanblada Feministaren adierazpena
Heldu da berriz ere azaroaren 25a, eta horrekin batera indarkeria matxisten aurka kalera ateratzekoa, enegarrenez. Gaurkoan, iazko azaroaren 25etik gaur arte eraildako sei emakumeak* gogoratzen hasi nahi dugu irakurketa hau; indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak izan diren horiek ekarri nahi ditugu gogora. Andoaingo Mugimendu Feministatik maitasun osoz gogoratzen zaituztegu, ez zaituztegu bakarrik utziko. Bestetik, urrian eta beste hainbat mobilizazioetan egin bezala, Palestinari gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diogu, eta besarkada bat bidali Palestinar herriari eta bertako feministei. Era berean, gobernuek Israelekin dituzten harremanak eteteko exijitzen dugu eta Israeli boikot egiteko deia egiten dugu. Aurrera Palestina! Besarkada bana ere munduko beste hainbat herrialdeetan borrokan ari zareten feministei; Sahara, Sudan...
Indarkeria matxista, ordea, beste hamaika formetan ikus dezakegu gure egunerokotasunean, eta aurtengoan horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitatea sareak eta anaidiak salatzera atera gara kalera. Izan ere, emakume*, trans, bi eta bollerok jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa. Sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista, kapazitista eta kolonialak askotariko egiturak eta mekanismoak ditu martxan gure gorputz eta lurraldeetan indarkeria betikotzeko eta, hala, sistema betikotzeko. Ematen dugun urrats bakoitzaren aurrean, oldarraldi berri bat jartzen da martxan, testuinguruaren arabera artikulatzen eta egituratzen dena. Egun, eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldi betean aurkitzen gara. Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan; feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, mezu arrazistak, eta beste. Ezkerreko gizon zuriengan ere errotuta egon dira beti diskurtso arrazista, transfobo eta antifeministak, baina gaur egun, faxistek gasolina emanda, indar berriz ari dira agertzen. Dena den, ezkerreko erreakzioaren jatorrian ez dago soilik faxismoaren gorakadan: gizonak, beraien pribilegioak kolokan ikustearen ondorioz, ematen ari diren erantzuna ere bada. Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguran ditugun gizonak dira.
Izan ere, gure garaipenen aurrean ari dira erreakzionatzen. Eragin ditugun erresistentziek jo puntuan jarri gaituzte gu, militante feministak, eta feminismoa bera. Gure boteretzeak haien pribilegioen galera esan nahi du, eta horregatik dator haien haserrea. Baina hori garaipenaren seinale da: gure borroka eraginkorra dela frogatzen du.
Gu, gazte feministok ere, feminismoaren lubakian elkartzen gara. Lubaki feminista defendatzen dugu eta bertan babesten gara seinalamendu hotz, lege errepresibo, despolitizazio saiakera eta inkisizio berrituen aurrean. Krisi eta biolentziak nagusi diren garaiotan, babesleku bat baita. Arauari erresistentzia eginez bizitzeko toki bat.
Guk ez dugu soilik arautik kanpo hobeto bizi nahi, baizik eta arauarekin berarekin amaitu nahi dugu. Guk sistema osoa eraldatu nahi dugu. Horregatik, lubakia defendatzeaz gain, lubakiaz haratagokoa eraisteko eta eraldatzeko borrokatzen dugu. Lubakia lantzea ez baita azken helburua, datozen borroketarako lur izango dugunaren oinarriak sendotzea baizik.
Hala izanik, gaur eta egunero eskuin muturraren eta erreakzionarismoaren hauspotzeari kaleak hartuz erantzungo diogu, beste urte batez. Gure bizitza eta gorputzetan sentitzen dugun biolentziari kolektibotasunetik eta irmo erantzungo diogu. Gazte feministon Baterajtozetik hartu genituen indarrek antolakuntzan lur hartuko dute: autodefentsa feminisa aldarri eta aliantza politikoak tresna, lubaki feministatik erantzungo dugu.
Azkenik, aipaturiko guztiaren aurrean, erresistentzia transfeministarako deia egiten dugu. Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai guneetan...
Erantzun diezaiogun indarkeria sostengatzen duten haien konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare transfeministekin. Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia transfeminista.
Gora borroka transfeminista!