Gora Kaletxiki txarangako musikarietako bat izan zen Urriaren 30ean zendu zen Arantxa Irigoras, urtetan; kalean musika jotzea izugarri maite zuen, eta makina bat alditan hartu zuen parte txarangarekin kalejiretan.
Txarangako egungo partaideek ez dute ahazten harekin igarotako une atseginak, eta horrexegatik oroituko dute bereziki Santa Krutzen egingo duten emanaldian. Irigorasen familiari zenbat estimatzen zuten modu berezian helaraziko diote kontzertuan barrena.
Gora Kaletxiki Banda Joxe Mari Oiartzabal Belokik zuzenduko du, eta Joxe Ramon Berrondo Aiertzak aurkeztuko du emanaldia.
Langararen pasodoblea
Bestalde, Isidro Langara futbolari handian inspiratutako abestiaren estreinaldia izango da emanaldiko beste pizgarrietako bat. Teofilo Gonzalez musikari asturiarrak konposatu zuen 1934an, futbolari andoaindarra munduko aurrelari goleatzailerik famatuenetakoa zen garaian. Hain zuzen, Espainiako selekzioarekin Italian munduko txapelketa jokatu berritan konposatu zuen Gonzalezek abestia; Langarak munduko txapelketako aurrelaririk onenaren saria eskuratu zuen orduan. Gonzalezek “Langara. Paso-doble futbolistico” izenburua jarri zion piezari, eta Oviedoko Udal Bandak estreinatu zuen, jokalaria Italiatik hiri horretara itzuli zenean egin zioten ongietorri jendetsuan.
Aurtengo otsailean, Langara hizpide izanda Basteron antolatu zuten erakusketan ikusgai egon ziren doinuaren partiturak, eta handik sortu zitzaien gure artean, jendaurrean zabaltzeko ideia Gora Kaletxiki txarangako kideei.
Pianoarekin jotzeko asmoz prestatu zituen partiturak Gonzalez egileak, eta Oiartzabal zuzendariak beste edozein instrumentuekin jotzeko moldatu ditu.
Guerrero Langara familiako kideak emanaldian bertan izango dira, jokalari mitikoaren omenezko doinua nola biziberritzen duten ikusteko irrikaz.