[TOKI ALDAKETA]

Haurrak izango dira Euskararen Eguneko protagonista

Aiurri 2025eko abenduaren 1a

DJ Mikeltxi

Abenduaren 3an DJ Mikeltxi disko-jartzailea ariko da Andoainen, arratsaldeko 17:30ean hasita.

Euskararen Nazioarteko egunaren baitan, Andoainen hainbat hitzordu egingo dira. Bezperan, abenduaren 2an, Larramendi Bazkunak eta Udalak “Ez gara alferrik pasako” dokumentalaren emankizuna antolatu dute Bastero Kulturgunean.

Abenduaren 3ko eguerdia

12:00etan, Goikoplazan, Andoaingo Udalaren adierazpen instituzionala irakurriko dute ordezkari politikoek eta, ekitaldi xume baten bidez, udazken honetan Andoainen euskara ikasten hasi diren herritarrei gure hizkuntzan murgiltzeko ahalegina aitortuko zaie.

Abenduaren 3ko arratsaldea

Asier Burguete aktorea etortzekoa zen musika saioa egitera baina ezbeharra izan du eta ezinezkoa zaio andoainera hurbiltzea. Haren ordez DJ Mikeltxi ariko da zuzenean. Abenduaren 3an, arratsaldeko 17:30ean hasiko da emanaldia MAKALDEGIAn.

Lankidetza

Andoaingo Udalak antolatu du emanaldia eta laguntzaile izango dira Manuel Larramendi Kultur Bazkuna euskara elkartea eta Aiurri hedabidea. Izan ere, egun horretan, ikuskizunera hurbiltzen den haur bakoitzari Aiurrik ekoizten duen IKUSBERA haur aldizkari bana oparituko zaio. Ez da hori eguneko opari bakarra izango. Kaiku enpresaren babesari esker, haur bakoitzak meriendatzeko esneki produktu bat jasoko baitu.

Gauzak horrela, egun polita izatea espero da Andoainen: Abenduaren 3an, euskararen alde.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!