Urnietan bizi eta Andoainen lan egin, horixe da Suguz enpresako arduradunaren egunerokoa. Iritsi orduko, instalakuntzak erakutsi dizkigu eta bisitaldia makinen eta langileen artean egin dugu. Lantaldearen defentsa sutsua egitea izan da Imanol Arrietaren lehen azalpena. Lanbidea pasioz bizi duela antzematen zaio.
Suguz enpresak 70 urte bete ditu. Denbora handia da eta aldaketa handiak eman dira baliabideetan eta teknologian. Hainbeste denbora irauteko zein da gakoa? Garaian garaira egokitzen jakitea, akaso?
Ondo zaindu ditugu bezeroak, ulertu dugu zein den bere beharra eta zaindu egin dugu. Eta horrela joan gara gure merkatua bilatzen.
Eta zein da zuen merkatua?
Enpresa bati edo fabrika bati zerbait hausten zaionean urgentziazko zerbitzua ematera bultzatzen gaitu konponketak. Pieza bat konpondu edo berregin, ahalik eta azkarren, maiz egiten dugu. Gogoko dugu eta alor horretan puntakoak garela esango nuke. Bezeroak eskertzen du irtenbidea azkar eta ondo aurkitzeko gaitasun hori. Egunerokoa, nagusiki, hori da guretzat. Bestalde, produkzioko piezak egiten ditugu enkarguz.
Lan intentsiboa da zuena?
Gurea oso intentsoa da. Baditut hogeitik gora urte lanean ari diren lankideak eta, oraindik orain, egunero-egunero, ikasten dugu zerbait berria. Gustuko duenarentzat oso lan polita da, baina batzuetan nekagarria da.
Zenbat SOS dei jasotzera iritsi zarete?
Egunero, gutxienez, bat. Eta egunean bertan ezinezkoa da, gehienetan, irtenbidea ematea eta, orduan, urgentziazko lanak pilatuz doaz. Jakin behar da ekoizten ari zaren gainerako lanekin uztartzen. Hori ondo kudeatzea giltzarri da.
Premia handia dutenei edo arazo larria dutenei soluzioa ematea garrantzi handikoa da, enpresa horretan makina martxan jartzen ez badute diru asko galtzen ari direlako. Presio handia sentitzen duzue?
“Egin ezazue pieza hau lehenbait lehen”, jasotzen dugun ohiko eskaera bat da. Eta, une horretan, enpresa horrek duen arazoa gurea bilakatzen dute. Bapatean, Suguz da sufrikario horren parte eta garaiz amaitzea izaten da gure lehentasuna. Zorionez, lantalde oso ona daukat horrelako egoerei erantzuteko.
Zenbat langile zarete eta zein sektoretan aritzen zarete?
Une honetan 20 langile gaude. Bulegoan hiru, aurrekontuak eta antolaketa lanak egiten. Gainerakoak, tailerrean. Sektoreei dagokionez, hainbat dira: industria, oro har, automobilgintzarako tresneria, makina-erreminta, ikerketa-zentroak eta elikadura-sektorea. Eta gure ikuspegia da exigentzia handiko aeronautika ere artatu ahal izatea.
Zuena zerbitzu sofistikatua dela esan daiteke?
Estandarrak diren piezak eta edozein pieza zaila, denetik egiten dugula esango nuke. Esperientziak erakutsi digu teknika ondo maneiatzen duen langile on bat lortzeko hamar urteko esperientzia behar dela. Bost urterekin gauzak ondo egiten dituzten langileak badaude, noski, baina askotan aurretik ikusi gabeko enkarguak jasotzen ditugu eta hamar urteko esperientziarekin eskarmentu handiagoa dute egunerokoan sortzen diren erronkei aurre egin ahal izateko.
Martutenetik Andoainera 2017an hurbildu zineten. Aldaketa onerako izan zen?
Onerako izan da. Han bi solairuko enpresa batean geunden eta, halabeharrez, tresneriaren pisua aintzat hartu behar izaten genuen. Hona etortzerakoan merkatua zabaldu zaigu, tresneria berria eskuratzeko pisua ez delako baldintzatzen gaituen aldagaia. Pieza handiagoekin lan egiteko aukera izaten ari gara orain. Muga batekin, ez baikara pieza erraldoiak egingo dituen enpresa. Baina orain mugarik ez dugu eta hori enpresaren estrategiari begira oso aldagai garrantzitsua da.
Beterri-Buruntzara etorri izanak eragina izan du bertako enpleguan. Oker ez banago inguruko langile ugari dituzue bertan.
Andoain, Urnieta, Lasarte-Oria… langile gehien-gehienak eskualdekoak dira. Oinez edo ibilgailuan bost minututan hurbildu daitezke eta hori langileek eskertzen dute.
Piezak konpontzea da zuen beste lan jarduna.
Batzuetan matxura oso handia da eta ez dago pieza berria egiteko denborarik. Horretarako esperientzia handiko lantaldea beharrezkoa da. Gure egunerokoa hori ere bada.
Zuek bezero berriei enpresara hurbildu eta instalakuntzak ezagutzeko gonbita luzatzen diezue. Nola jokatzen duzue?
Lehenik eta behin instalakuntzak erakusten dizkiegu eta gure lan prozesua erakutsi. Gure indargunea da gure lan egiteko modua: egiaztapenez beteriko lan-prozesua da gure bide-orria.
Lehentasuna zerbitzu on bat ematea dela ondorioztatzen dut eta horrek fidelizazioan eragiten du zuzenean.
Etxean ikasi dudana da hobe dela bezero bat zaintzea hainbat berri bilatzea baino. Baina, era berean, nire lana bada bezero berriak bilatzea. Ohikoan guregana hurbiltzen den bezeroa gure artean geratzen da.
Digitalizazio garai honetan, nongo bezeroak dituzue?
Gehienak gertukoak dira, gipuzkoarrak. Beste gauza bat da guk egindakoa nora saltzen duten. Egia da, belaunaldi berriak sektorean sartu ahala, negozioaren promozioa internet eta sare sozialen bitartez egiten dela.
Industria mekanizatuaren sektorea zein egoeran dago Gipuzkoan?
Gure arazo larriena, beste sektoreetan gertatzen ari den bezala, talentua bilatzea da. Lan baldintza onak eskaintzen saiatzen zara baina gerta daiteke langile horiek enpresa uztea. Konponbide errazik ez dago.
Gurean, batetik, makina konbentzialen konponketan aritzen gara, oso lan berezi eta bakanak eginez. Eta, bestetik, kontrol numerikoa dugu. Programazioari lotutago dago hori. Horren arabera, bi profil profesional ditugu. Batzuk, grasarekin zikintzen dira, oso ondo baloratzen da mekanikari horien lana baina geroz eta gutxiago daude. Eta, bestetik, kontrol numerikoan dabiltzan profesionalak teknikoagoak dira. Informatikariaren lanetik gertuago dago profil hori.
Urteurrenaren berri eman nahi diozu gizarteari. Zein da xedea?
Batetik, nire aitari eta bere bazkidea zenari omenaldia egin nahi diet. Eurek abiatu zuten Suguz –Suarez eta Guzman bi abizenen lotura da– enpresa. Gipuzkoan enpresa ezaguna da eta Suguz garrantzitsua izaten jarraitzea nere xedea da. Batez ere, errespetuan eta bezeroaren zainketan oinarritutako enpresa izatea nahi dudalako.
Giro polita sortu dugu enpresan eta hori transmititu nahi dugu. Enpresa hau gure aurrekoek abiatu zuten eta eurek egindakoaz harro nago.
Elkarrizketa prestatzen ari nintzela, zuen bezero batek adierazi dit lanak bukatzen dituzuenean sugus goxokiak helarazten dizkiezuela. Egia da hori?
Bai, horrela da. Aitak, betidanik, esaldi beretsua erabiltzen zuen enpresaren izena azaltzeko: “Suguz izena du enpresak. Sugus goxokiak bezala, baina zetarekin”. Behin, nire emazteak liburu bat erosi zuen internet bidez. Liburua iritsi zen, eta harekin batera, eskuz idatzitako eskertza-txartela eta goxoki batzuk. Konturatu nintzen, orduan, metala oso hotza dela, formalegia eta serioegia. Diru asko mugitzen da eta horrelako detailetxoak ez dira ohikoak izaten. Eredu horri jarraipena emanez, gure gertuko bezeroei, lanak amaitzerakoan, sugusak banatzen dizkiegu. Bezeroekin eta hornitzaileekin joera hori dugu. Detaile txikia da baina zoragarria da bueltan jasotzen ditugun mezuak irakurtzea.
Urnietan bizi eta Andoainen lan egin. Hori da zure inguru hurbilena, ezta?
Hiru minutu, kotxez; hamaika, bizikletan; hogei, korrika; eta, berrogei, oinez. Hori da nire ohiko joan-etorria. Eta, beti, mauka motzean.