Geldialdia egingo dute Basteron Axut eta Artedrama konpainiek, "Nor Naizen Baneki" obrarekin

Aiurri 2025eko abenduaren 1a

Bastero kulturguneko oholtza gainera igoko dira ostiral honetan,  Axut eta Artedrama konpainiak, "Nor Naizen Baneki" ikuskizunarekin. Iluntzeko 19:30ean hasiko da hitzordua eta bi sarrera zozketatuko ditu Aiurrik harpidedunen artean. 

Antzokiaren indusketa-lanetan sartzeko gonbita luzatzen diete Axut-ek eta Artedramak ikus-entzuleei, "Nor Naizen Baneki" obrarekin: denboran atzera, oso atzera jauzi egin eta historiaren erradiografia egingo dute, geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egunera arte. Inkisizioa, Frantziako Iraultza, Karlistadak, 1936ko Gerra... Kantua lagun, bi mila urtetan metatutako mugarri ezagunen eta ezezagunen tripetara sartuko da publikoa familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala bezalako gaiei erreparatzeko. Ez dira, baina, soilik, lurra esploratzera mugatuko, pertsonaiak barne bilaketan ipiniko baititu ikuskizunak. 

Irulegiko eskua, abiapuntu
Orain hiru urte atzera egin behar da "Nor Naizen Baneki" obraren sorrerarekin topo egiteko. 2022an, bi konpainiak "Hondamendia" antzezlanarekin biran zirela esku baten aurkikuntza egin zuen Aranzadik Irulegin, brontzezko esku bat, "Sorioneku", euskarazko lehen idatzia zuena: "2.000 urteren ondoren, esku horrek hitz egiten digu, hizkuntzak bizirik iraun duen lekuko gisa". Horrela, "antzerkia arkeologia bezalakoa" dela ulertuta, historia "deseraiki eta berreraiki" dute, dramaturgia-baliabideez hornituta: "Epopeia bat idatzi dute, estetikoki monoteismotik askatuz eta historia garaikidearekin uztartuz".

Hamabost urteko elkarrizketa
Hamabost urteko jarduna osatu dute aurten elkarrekin Axut eta Artedrama konpainiek. Euskal antzerkia garatzeko asmoz, 2010ean egin zuten bat beren bideek, "euskara hutsean baino, euskara betean" ekiteko prest: "Oinarri eta labore-lurra, antzerkia eta artea esateko eta izanarazteko gure herri honek dituen hitzak eta ekintzak dira". Arte eszenikoen askotariko lengoaiaz baliatuta, "bizi puska zenbaiten kontakizuna" egiten duten beren obretan: "Sorkuntza garaikideak gure historia hurbilaren ispilu poetiko bat eskaintzen du, gizartearen idazkari batek egin lezakeen zorroztasunarekin: zehatz eta sakon".

Euskal antzerki herrikoia oinarri bezain helburu, bi galdera abiapuntu hartuta igotzen dira elkarrekin konpainiak taula gainera: "Nori mintzatzen gatzaizkio? Nori eskaintzen diogu gure ondasun guztia?". Bada, galdera-ikur horiei tiraka, erantzunak topatu nahian ondu dituzte, jada, “Errautsak”, “Hamlet”, “Francoren Bilobari Gutuna”, “Zaldi Urdina”,  “Hondamendia”, bai eta "Nor Naizen Baneki" ere.

Sarreren zozketa

Saria dakar harpidedun izateak, izan ere, bi sarrera zozkatuko ditu Aiurrik "Nor Naizen Baneki" obra ikustera joateko. Horretarako, interesa duten harpidedunek "BANEKI" hitz gakoarekin mezu bat bidali beharko dute 619 16 35 37 telefono-zenbakira. 

"Nor naiçen banequi, graçia nuque achequi.
Ilargiac soilic daqui naiçela Equi.”

Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara?

Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!