Egunotan, Andoaingo Euskara Lansailak Andoaingo hiru ikastetxeei bidali die parte hartzeko gonbita. Hots, Aita Larramendi ikastolari, La Salle Berrozpe ikastetxeari eta Ondarreta Herri Eskolari. Egitasmoa ezagutzeko eta izena emateko epea zabaldu da, eta aurrerago iritsiko da oholtza gainera igotzeko unea. Zer da Kantari? Kantari gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzeko ikuskizuna da. Helburua neska-mutikoek euskal kantak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da, hortaz, ez du inolako lehiaketa kutsurik.
Debagoienan duela hogei urte sortua, ibilbide arrakastatsua daraman egitasmoa da Kantari. Neska-mutikoek, taldeka, euskarazko kantu bat ikasi behar dute, eredu moduan erakutsitako koreografia entseatu edo berri bat prestatu, eta eszenatoki gainean jarri abesten eta dantzan, publikoa eta kamerak aurrean izango dituztelarik.
Bi xede talde ditu egitasmoak. Alde batetik, hartzaile zuzenak izango diren gaztetxoak. Bestetik, gazte hauen familia eta ingurukoak egitasmoaren parte izango dira ere, gazteen ikuskizunaren prestaketa lanetan parte hartuz eta ikuskizunaren egunean publiko izanez.
Lehen xede taldeari, hots, gaztetxoenei zuzendurikoa da proiektua. Haiek izango dira protagonistak: euskarazko aisialdi ekimen batean parte hartuko dute, eta euskal kantugintzaren bueltan haien adin bereko kideekin euskarazko harremanak sustatuko dituzte.
Umeez gain, bigarren xede taldeak ere euskararen sozializazioan eginkizun garrantzitsua izango du: alde batetik, euskaldunak ez diren familiek haien senitarteko gazteen bizitzan euskarak duen balio eta garrantziaren jabe egingo dira, eta euskararekiko gertutasuna sentitzeko aukera izango dute. Bestetik, familia euskaldunek umeekin batera euskarazko ekimen bat gauzatzeko aukera izango dute, transmisioan lagunduz.
Kantariren helburu nagusiak
Honako hauek dira:
- Haur eta gazteek euskaraz ondo pasatzea.
- Harreman berriak euskaraz sortzea.
- Euskal kultura sustatzea, dantzak eta kantak uztartuz.
- Haur eta gaztetxoei ikuskizun batean parte hartzeko aukera ematea.
- Familia transmisioan eta, horrenbestez, euskararen sozializazioan eragitea.
Andoaingo Udalak sustatutako ekimena da eta baditu bidelagunak: Ikastetxeen bitartez hasi da ekimena garatzen eta, Kantari Andoainen egiten denean, oholtzan erakutsitako koreografien argazkiak eta bideoak ikusi ahal izango dira Aiurri.eus gunean, atal berezian. Izena emateko garaia da.